Inazio Bereziartua dantza eta musika eskolako txarangak, BetiSuak, kalejira egingo du gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera Elgoibarko kaleetan.
Santa Zezilia Eguna bera musikaz hasteko, berriz, Elgoibar Ikastolako ikasleek ohikoa duten kalejira egingo dute Kalegoen plazatik ikastolaraino, bariku goizean (8:30).
Joan den astelehenean eta martitzenean Santa Zeziliaren omenezko kontzertuak egin zituzten Elgoibarko musika eskolan, eta Mendaron martitzenean egin zuten Santa Zeziliaren omenezko ospakizuna.
• Udal Musika Bandaren kontzertu berezia
Elgoibarko Udal Musika Bandak Santa Zeziliako kontzertu berezia emango du domekan, azaroaren 24an, 12:30ean, Herriko Antzokian. Gorka Mujika Urainek zuzenduko duen kontzertuan hiru pieza joko dituzte. Hona egitaraua:
- Música y poble (Ferrer Ferran)
- Overhauled music (Gines Carrion). Bonbardino eta tuba kontzertua. Bakarlariak: David Abellan eta Jose Miguel Rochina.
- Third simphony (James Barnes). III. eta IV. mugimenduak.
Azaroaren 23an, berriz, hilda dauden Udal Musika Bandako kideen aldeko meza ospatuko dute San Bartolome elizan, 19:00etan.