Artisten munduak islatzen duen zoriontasunaren atzean ezkutatzen diren une ilun eta gogorrei aurre egiteko beharrak eraman du proiektu hau martxan jartzera, bere egoera berbera bizi izan duten musikariei lagundu nahiak. Iazko irailean hasi zen bloga gorpuzten, eta maiatzean egin zuen publiko. Lanez gainezka, baina ilusioz dihardu proiektu berrian.
• ‘Músicos al poder’ bloga jarri duzu martxan. Zertan datza?
Behar pertsonal batetik abiatuta sortu genuen proiektu hau. Nire ofizioarekin eta egiten ditudan lanekin gehiago gozatzeko beharra sentitzen nuen. Ikusten nuen musikatik bizitzea lortu nuela eta nahiko modu duinean gainera, baina sentitzen nuen hainbat lanekin ez nuela gozatzen. Horrek barruan egonezin moduko bat sortzen zidan, musikarion helburuetako bat delako ikusleari edo entzuleari gozaraztea, eta zaila da hori lortzea, norberak ez badu egiten duen horrekin gozatzen. Etika eta moral aldetik txoke pertsonal handia sentitzen nuen. Egoera horri buelta eman nahi nion, eta ahalegin horretan nenbilela mindfulness-a deskubritu nuen. Anaiak eman zidan honen berri, hainbat liburu utzi zizkidan irakurtzeko eta, berehala hasi nintzen aldaketak esperimentatzen. Hori kontatzeko beharra sentitu nuen, eta instruktore izateko prestatu nintzen.
• Mindfulnessean oinarritu duzu bloga. Zer eman dizu mindfunessak?
Mindfulnessa jarrera bat da, eta jarrera horri esker norberak erabakitzen du kontzienteki arreta ekartzea orainera, errealitateko momentu hori den bezala onartuz eta norbera goxotasunez tratatuz. Bizitzarekiko jarrera bat da, eta mezu oso sakonak ematen ditu: zaren bezala onartzea, goxotasunez tratatzea zure burua... Musikari baten bizimoduari laguntzeko aplikazio potentea eta zuzena iruditu zitzaidan.
• Nolakoa da musikari baten bizitza?
Musikariok daukagun formazioa oso indibiduala da, eta hortik abiatuta, gure etorkizuna oso indibidualizatuta dago. Horrek ekar dezake tendentzia arriskutsu bat: egiten duzuna zuretzat bakarrik egitea, eta horrek sufrimendua ekar dezake, inguru guztia oso modu konpetitiboan ikusten duzulako. Eta bakoitza bere interes pertsonalengatik ari denean, elkarbizitza arazoak sor daitezke. Gure bizimoduan bakardade momentu asko ere badaude, eta bakardade egoera horretatik bat-batean pasa zaitezke ageri-agerian egotera publikoaren aurrean, tribunal baten aurrean edota grabazio batean. Kontraste handiko egoerak sortzen zaizkigu, estres egoera larriekin. Eta ez badaukazu horrelako egoerei aurre egiteko erremintarik, arazo patologikoak sor daitezke, depresioa esaterako. Eta horrek ekar dezake lanbidea abandonatzea; hainbeste urtez borrokatu ostean, dena bertan behera uztea. Musikarion beste oztopo bat agenda da. Gure agenda eta ingurukoena oso desberdina da, eta horrek lagunekin edo familiarekin kontziliatzea zailtzen du. Nik, lehen, oso gaizki eramaten nuen hori, baina orain ikasi dut astean zehar ditudan momentu libreei alde onak ikusten.
• Zer eskaintzen diezu blogean musikariei?
Nire egoera berean dauden musikariei laguntzeko sortu nuen bloga. Nik bizi izan dudana kontatu, eta horrekin, besteei beraien egoera hobetzeko erremintak eskaintzea da helburua. Tarteka gai pragmatikoagoak ere lantzen ditugu; adibidez, alderdi fiskal eta juridioari buruz ere hitz egiten dugu. Gai hau ere oso ezezaguna da guretzat, eta gure ibilbidea baldintzatu dezake goitik behera. Gaizki kudeatzen baduzu zure fakturazioa edo gaizki aukeratzen baduzu dagokizun egitura juridikoa, izan dezakezu munduko idearik onena, baina galduta zaude.
• Musikarientzako bloga sortu duzu, baina ez duzu musikaz hitz egiten.
Hala da, eta nahita hartutako erabakia izan da. Normalean musikariei egiten zaizkien elkarrizketetan beti beraien proiektuei buruz hitz egiten da, baina ez horrenbeste sentimenduetaz. Ez da inoiz hitz egiten bidean izan dituzten zailtasunei buruz, edo zer sentitzen duten eszenatokira irten behar direnean, nola gainditzen dituzten arazoak, non bilatzen duten inspirazioa... Nik horrelakoak irakurtzeko beharra sentitzen nuen, zergatik iritsi den musikari hori iritsi den lekura, nola, zer bizi izan duen ibilbide horretan... Askotan gai tabuak dira eta gutxi hitz egiten da dauzkagun zailtasunei buruz. Arazo horiek plazaratzen badituzu, ahultzat har zaitzakete, eta horrek jendeari atzerakada ematen dio; horregatik jendeak alde hori ezkutatu egiten du, eta musikaren alderdi idealaz bakarrik hitz egiten du. Nire ustez, oso garrantzitsua da norberaren sentimenduak libre adieraztea, eta ez egotea, ahultasunak ezkutatuz, uneoro besteen oniritzia bilatzen. Jendearekin enpatizatzeko modurik onena, norbera den bezala agertzea da.
Irakurri elkarrizketa osoa BARREN aldizkariko 1138. zenbakian -PDF-