Euskararen erabilera informala sustatzen diharduen EusLiderrak egitasmoan parte hartzen ari dira Elgoibarko ikasleak

Barren.eus 2019ko abe. 2a, 13:14

Ikasturte hasieratik martxan dago euslider egitasmoa Elgoibarren, eta DBH 3. mailako 120 bat ikaslek parte hartu dute tailerretan. Besteak beste, gazteen artean hizkuntza ohiturak aldatzea, eta euskararen erabilera informala sustatzea dira tailer horien helburuak.

Tailer honen metodologia lantzeko, Ahize-AEK-k EHUko gizarte psikologia sailaren laguntza izan du. Metodologia horren baitan, hizkuntza ohitura berriak sortzeko lanketa egiten dute gazteekin, hizkuntzekiko jarrerak lantzen dituzte, euskara eta beste hizkuntzekiko jarrerak, eraldaketa sustatzeko erremintak ematen dizkiete, eta haien hizkuntza-lidergoa indartzen laguntzen diete. 

Elgoibarren 19-20 ikasturte hasieratik martxan dago euslider programa. Elgoibarko Udala, Elgoibar Ikastola, BHI Institutua eta Ahize-AEKren arteko lankidetzari esker, DBH 3. mailako 120 bat ikaslek parte hartu dute tailerretan. 1. ziklo honetan guztira sei talde eratu dira, hiru talde institutuan eta beste hiru ikastolan. Tailerraren lehenengo zikloan hiru saio teoriko eman dituzte, eta urtarriletik aurrera, aurrera jarraituko duten ikasleekin ekintza sozial bat antolatzeko helburuarekin beste hiru saio praktiko egingo dituztela aurreratu dute sustatzaileek.
"Euren borondatez aurrera jarraitzea erabaki duten ikasle horiek izango dira hizkuntza-liderrak eta horiekin landuko dugun fase berri horrek Ekintza soziala izena du. Ikastetxean bertan edo kalean ekitaldiren bat antolatuz erakutsiko dute eusliderrak direla", azaldu dute.
 • 30 ikaslek eman dute izena Elgoibarren
Amaitu berri diren motibazio saioen ostean 30 ikaslek (%25) eman dute izena aurrera egiteko eta Elgoibarren ekintza soziala antolatzeko ardura hartu dute. Horretarako, Ahize-AEK-ko kideen eskutik aholkularitza eta formazioa jasoko dute. Hurrengo ikasturteetan gauza bera errepika daiteke. Eta hau da hain zuzen ere, eragin positiboa duen proiektu honen berezitasunetako bat, aldaketa gertatuko bada, berdinen artean gertatuko delako. Era beran, urtebete nagusiagoak ere izango dira eta besteen eredu bihur daitezke; liderrak, hizkuntza-liderrak kasu honetan.

 • Zergatik da garrantzitsua hizkuntza ohituretan eragitea?
Ohiturak normalean ez dira modu kontziente batean sortzen, eta hori da hizkuntza batean edo bestean berba egiterakoan ere gertatzen zaiguna. Gaztetxoek askotan, gaztelaniara joten dute hainbat arrazoirengatik, euskara eskolarekin lotzen dutelako, eredu erdaldunak dituztelako, eta abar. Ahize-AEK-k DBHko gaztetxoekin lanketa egiteko eusLiderrak tailerra sortu zuenean, argi izan zuen hizkuntza ohituretan eragitean dagoela gakoa, eta hizkuntza portaerak aldatzea baino, eraginkorragoa dela hizkuntza ohitura berriak eraikitzea. "Ez diegu gaztetxoei galdetzen 'zergatik egiten duzu gaztelaniaz?', horren ordez, aurrerantzean euskaraz egiteko aukerei erreparatuko diegu".

Hizkuntzekiko jarrerak lantzeko, hizkuntzen inguruko informazio "esanguratsua" ematen diete gazteei, soziolinguistika arloko zertzeladak... azken finean, hizkuntzekiko aurreiritzien aurrean, argudio sendoak izan ditzaten eskaintzen diete honako informazioa: zenbat hizkuntza dauden munduan, hizkuntzak eta kultura giza aniztasunaren isla direla, zein garrantzitsua den hizkuntzak erabiltzea (hizkuntza ekologiaren ikuspegitik), 7000 hizkuntzen artean zenbatgarrena den euskara, euskara modan dagoen hizkuntza dela (sare sozialak...). "Gazte gehienek ez dute horrelako informaziorik izaten", diote.
Hortik aparte, lidergoaren ezaugarriak ere lantzen dituzte: enpatia, atsegina izatea, besteekiko begirunea, baikorra izatea eta koherentzia.
Haien artean badaude euskaraz egiten duten lider naturalak, horien jarrera, -hizkuntza lidergoa- indartu egiten dute, ondo ari direla erakutsiz, besteengan hizkuntza ohituretan eragina izan dezaten. Besteekin ere, klabe positiboan aritzen gara beti, inoiz ez diegu esango ez direnik ondo ari.

2019 12 01 eusliderrak elgoibar ikastola