Euritan baina lagunarteko giroan joan da bigarrengo Kuadrilla Eguna

Barren.eus 2019ko abe. 2a, 17:27

Eguraldiak lagundu ez arren, 170 lagunetik gora batu ziren, zapatuan, bigarren Kuadrilla Egunaren barruan egin zuten bazkarira. Gainera, antolatzaileek azaldu dutenez, egunak aurrera egin ahala jende gehiago batu zela festara.

 Kuadrilla Eguna lagunarteko giro onean pasa zutela azaldu dute antolatzaileek. Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailak eta Berdintasun Sailak antolatu dute Kuadrilla Eguna, herriko gazteekin elkarlanean.

Mauxitxa txarangak girotu zituen festa eguneko lehen orduak, eta baita kuadrilaz kuadrila euren abileziak erakutsi zituzten lau magoek ere. Imanol Ituño, Zeroh, Iagomago eta Nialak zur eta lur laga zuten bat baino gehiago. Gero, Maalako parkean batu ziren gazteak, eta han Euskal Parrillakoek prestatutako bazkaria jan zuten. Bazkalostean bingoan aritu ziren jolasean, eta batutako diruaren erdia elkarteren bati edo Gobernuz Kanpoko Erakunderen bati emango diote, oraindik nori eman erabaki ez badute ere.

Eguraldiak pixka bat hobera egin zuen arratsaldean eta kalejira egin zuten Kittu musika taldeak gidatuta. Gauean musikak hartu zuen Maalako parkea. Ellie Jansen & Xanie Blue Elgoibarko musika taldea izan zen eszenatokira igoten aurrenekoa, eta talde ezagunen bertsioak jo zituzten. Fan & Go taldeak, berriz, erromeria doinuak jo zituen eta Emanemak taldearen kontzertuarekin amaitu zen Kuadrilla Eguna. Gauak aurrera egin ahala jende gehiago batu zen festara eta Eibarren San Andresak zirenik ere ez zutela igarri azaldu dute antolatzaileek.

2019 11 30 kuadrilla eguna elgoibar norasobjecibe

2019 11 30 kuadrilla eguna elgoibar norasobjecibe posean

2019 11 30 kuadrilla eguna elgoibar norasobjecibe posean 2