Shirley Davis kantari ingelesak emango du lehen kontzertua, abenduaren 13an (barikua), 22:00etan, Soraluzeko Herriko Antzokian. Shirley Davis & The Silverbacks taldeak musika beltz "gordina" lantzen du, "soul hutsa, afrobeat ukitu batekin". Aditu askok, Davis, soul estiloko garaiko europar dibatzat hartu dute. Kontzertu horretarako sarrerak emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago jarriko dituzte salgai antzokiko sarreran, 10 euroko prezioan.
Bigarren emanaldia, abenduaren 14koa, The Allnighters taldeak emango du Zentroan, 20:00etan. Gasteizko boskoteak Rhythm and Blues doinuak eskainiko ditu eta diotenez, emanaldi bakoitza "benetako jai" bihurtzen dute. Zentroko ateak emanaldia baino ordu erdi lehenago zabalduko dituzte eta sarrera 5 euro ordaindu beharko da.
• Jon Gurrutxaga & Urbil Artola abenduaren 15ean
Azkenik, abenduaren 15ean (domeka), Jon Gurrutxaga & Urbil Artola bikoteak joko dute, 13:00etan, zubian; Zentroan, eguraldi txarra bada. Gurrutxagak eta Artolak Euskal kantagintza akustikoa bluesaren bidetik izenburuko emanaldia emango dute. Jon Gurrutxagak urteetan pilatutako esperientzia, ezagutza eta trebakuntza agerian uzten ditu bere zuzenekoetan eta eraikitako nortasun musikalari fidel izaten jarraitzen du. Bluesak present egoten jarraitzen du bere kantuetan, baina ahotsek hartzen dute protagonismo nagusia, gospel aireak nabarmenduz, horren ondo menperatzen duen blues-rock klasikoaren tradizioan sustraituriko ale ederrekin nahastuz. Oraingoan 'Kateak' izenekoa da Urbil Artola (gitarra, dobro, slide) musikariaren laguntzarekin aurkezten ari dena. Soraluzen emango duten kontzerturako sarrera irekia izango da.
Blues Hotsak Jaialdia Soraluzeko Errabal kultur elkarteak antolatu du Soraluzeko Udalaren laguntzarekin. Urte batzuetako geldiaren ostean, zuzeneko blues musika eramango dute berriz Soraluzera eta etorkizunean ere segida eman nahi diote ekimenari: "ez dugu gure ekimen hau soilik egun batera mugatu nahi, urtetik urtera sendotu nahi dugu". Antolatzaileek Deba bailarako blueszale guztiak gonbidatu dituzte jaialdira.
• Blues tradizioa Soraluzen
Aurreko mendearen amaieran antolatu zituzten lehen blues kontzertuak Plazentzian, gehienetan Zentroaren inguruan, baina baita Gaztelupe tabernan, kapillan eta kalean ere. Euskal Herriko eta mugaz haratagoko musikari garrantzitsuek jo zuten herrian: Iñaki Salvador, Ñaco Goñi, Javier Colina, Francisco Simon, Malcom Scarpa, Santi Ibarretxe…
2004. urteko udazkenean, Errabal kultur elkarteak jazz-blues jaialdi apal bat antolatu zuen herrian eta Deba bailarako beste herri batzuetara ere zabaldu zuten gero.