Urte garai honetan euskarazko liburuak, jolasak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, gurasoentzat eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat ehunka erreferentzia biltzen ditu euskarazko produktuen katalogoak: musika, DVD filmak, informatika, aldizkariak, liburuak, jostailu eta jokoak, gurasoentzako produktuak… Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa ere egiten da.
Katalogoa sarean kontsultatzeko bi aukera daude: katalogoa.eus webgunean edota Elgoibarko Udalaren webgunean, hain zuzen, Euskara Sailaren atalean. katalogoa.eus urte osoan berritzen doan webgunea da, argitaratu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz eta, beraz, etengabe hazten ari da jasotako erreferentzien kopurua. Dagoeneko 6.000 produktu baino gehiago biltzen ditu.
Urtero bezala, kanpaina honen bidez, hizkuntzaren transmisioan eragin nahi da, gurasoei euren seme-alabentzat lagungarri izango diren euskarazko produktuen berri emanez.