Elgoibartarren artean Plaza txikia bezala ezaguna den Aita Agirre plazari, eta Kulturgunea dagoen eraikinari -lehen eskola izan zena- izena ematen diona Frantzisko Aguirre Murga (1863-1941) da, Aita Agirre izenaz ezagunagoa zen elizgizon eta misiolaria, zeina Elgoibarko seme kutun izendatu zuten 1942an.
Hamalau urte zituenean latina ikastera bidali zuten gurasoek Durangora eta Berrizera, eta urtebete geroago Dominikoen sotana zuria jaso zuen Toledon dagoen Ocaña herriko Santo Domingo komentuan, 1879ko irailaren 13an. Elizgizon ikasketak egin zituen gero, filosofia eta teologia ikasketak, zehazki, zazpi urtean Avilako Santo Tomas konbentuan. 1887ko apirilaren 24an presbiteratua lortu zuen eta apaiz ordenatu zuten.
• Misioa Txinan
Apaiz egin eta hilabete gutxira, Manilara (Filipinak) joan zen, eta txinera ikasten zenbait hilabete eman ostean, Txina Iparreko Fukien (gaur egungo Fujian) probintziara ailegatu zen, 1887ko azaroan. "Nire nagusiek, 24 urterekin erakusten nuen gogo-bizia eta suhartasuna ikusita, eta, nire menditar izaerarentzako toki aproposa izango zelakoan, Kwangtze eskualde menditsura bidali ninduten, Fukien probintzia zabalaren iparmendebaldera", laga zuen idatzita Aita Agirrek. Shaowu hirian jarri zen bizitzen, berak bataiatu zuen kristau baten etxean. Kristautasuna zabaltzeko ahaleginean txinar asko kontra eduki zituen arren, kapera bat eraikitzea sustatu zuen Kwangtzen, eta 9 urtean apaiz txinatarrak prestatu zituen. 1900. urtean seminarioa laga eta misio berria hasi zuen Tinchown. Bertako bikario izendatu zuten 1907an, eta Iparraldeko Fukieneko Misioko bikario 1910. urtean.
• Botriko gotzain
Botriko gotzain eta Fukieneko bikario apostoliko izendatu zuen Pio X. aita santuak 1912. urteko abenduaren 13an. Elizbarruti bateko buru den pertsona da gotzaina edo apezpikua. Eliza katolikoan, ordenako sakramentua hartu duen eta presbitero eta diakonoaren gaineko maila duen gizonezkoa da gotzaina. Elizaren legeak bete daitezela kontrolatu behar du, eta Erromako apezpikua den Aita Santua eta beste apezpikuekin batera Eliza osoren erantzunkizuna du. Eliza barruan kargu handia, beraz.
Baichun (Vietnam) kontsakratu zuten 1912ko ekainaren 16an. Handik aurrera, asian kristautasuna zabaltzen jardun zuen, apaiz nahiz abadeak bideratuz, misioak zuzenduz eta eskolak sortuz. Bere apezpikuntzak iraun zuen denboran, 1912tik 1940ra bitartean, garrantzi handia eman zion kalean bizi ziren umezurtzei bizimodu hobea emateari, eta hainbat eraikuntza egin arazi zituen umezurtzei bizilekua emateko. 112.000 umezurtz lagundu zituen 28 urtean. Umeen heziketa ere bazegoen bere kezken artean, eta neska tartaroentzako (Asiako turkiar etnia bat) eskola bat sortu zuen Foochow hirian, Santo Domingo eskola. Ume, irakasle eta katekistentzako hainbat eskola ere ireki zituzten bere agintepean, Txinako hainbat lekutan. Eliza eta kapera ugari ere eraiki arazi zituen lurralde osoan, eta baita katedral bat ere eta Santa Teresita ospitalea ere.
Txinan egin zuen pastoralgintza lana ez zen danen gustukoa izan eta jazarpen eta sufrimendu ugari pasa behar izan zituen Aita Agirrek, eta osasuna galduz joan zen, harik eta 1941. urte hasieran bere kargua laga behar izan zuen arte. Garai hartan gainera, 1937an, Japoniak Txina inbaditu zuen bi herrialdee arteko gudan, eta Aita Agirrek urte luzeetan pastoralgintzan eta misioetan egindako lana hondoratu zuen japoniarren inbasioak. Aita Agirre Foochown hil zen 1941eko ekainaren 13an. (iturria: dbe.rah.es)
• Elgoibarrera bisita eta Aita Agirrerentzako kantua akorduan
Bere bizitzako azken urteetan Elgoibarrea bisita bat egin zuen Aita Agirrek. Sotera Zubiaurrek (Elgoibar, 1908-2004) gogoan du bisitaldi hura, ahotsak.com webgunean eta 'Elgoibartarren esanetan' liburuan jasota duten testigantzan ikus daitekeen moduan. Ez zen ahazteko modukoa izango Aita Agirreri abestu behar izan zioten abestia ere gogoan baitzuen mende erdi geroago. Honela azaldu zuen Sotera Zubiaurrek Aita Agirre obispoa Elgoibarrera etorri zenekoa:
"Behiñ etorri zan obispua, Txinan edo ez dakitt nun zaguan, eta Elgoibarko semia, San Bartolome kalian jaixotakuak, bai San Bartolomen jaio zan, han etorri zan Elgoibarrera ta egiñ ziuen eh! Eskolara ere etorri zan. Kantua ondiok goguan daukat nik: "bienvenido padre amado, gracias mil prelado egregio, ¡qué bueno! ya he tenido pero, dar la vida es de... nuestro corazón se alegra, nuestras manos baten palmas, y graciosas a nuestras almas cantan himnos en tu honor. A Jesus por vos pedimos os de larga y santa vida llena de dicha cumplida y ventura sin igual. El colegio está de fiesta, y por jubilosa clama, a un prelado en que os ama con cariño paternal. Bienvenido padre amado, gracias mil prelado egregio", "¡hay que cantar!, eso cantaría con 12 años".
San Frantzisko komentua egon zen eremuan, egungo Aita Agirre plazan eraiki zituzten Aita Agirre Eskolak. Ziurrenik biak, eskola eta plaza, aldi berean eraiki zituzten. Eskola eraikitzeko obren enkantea 1890. urtean egin zuten, eta Miguel Loyolari eman zioten esleipena 1891n, Mariano Muguruza alkatea zela. Obrak egin ostean, 1892-1893 ikasturtean hasi ziren eskolak ematen. Pello Arrietak 'Elgoibarko Ondare Historiko Artistikoa. Arkitektura zibila' liburuan hala dio, "Elgoibarrek lehen eskola sortu zuenetik, 1560ko urtarrilaren 1ean, ikastetxe duin hau eraiki arte, 432 urte pasa ziren, eta bitartean gure arbasoak halamoduzko geletan ikasten aritu ziren".
- Sarrera gehiago, ahotsak.com barren.eus atarian