Aspanogi elkarteari eman dizkiote Elgoibarko Kirol Solidarioa ekimenarekin batutako 2.000 euroak

Barren.eus 2019ko abe. 23a, 17:02

Elgoibarko Kirol Solidarioa ekimenean parte hartu duten herriko bost kirol taldeek eta Elgoibarko Udalak batu dituzten 2.000 euroak eman dizkiote, gaur, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Elkarteko ordezkariei.

 Elgoibarko Udaleko Ongizate Sailak eta Udal Kirol Patronatak sustatu dute Elgoibarko Kirol Solidarioa ekimena, eta herriko bost kirol-taldek egin dute bat aurtengoan: Igeriketa taldea, Sanlo, C.D. Elgoibar, Lagunak Pilota Eskola eta Elgoibarko Xake Taldea. Guztien artean 2.000 euro batu dituzte abenduaren 14tik 20ra bitartean gauzatu den ekimenean, Aspanogiren aldeko errifak salduz batzuek eta antolatu dituzten kirol ekitaldietan itsulapikoak jarriz besteek. Gaur eguerdian udaletxean egin duten ekitaldian eman diote batutako dirua Aspanogiri. Elkarteko lehendakaria den Bittor Andonegik jaso du dirua. Eskerrak emateaz gainera, horrelako elkartasun ekintzak antolatzen jarraitzera animatu ditu Elgoibarko Udala eta kirol taldeak, hartu duten bidea "oso polita" dela esan baitu. Ekimenean parte hartu duten bost kirol taldeetako lehendakariek hartu dute parte gaurko ekitaldian, Ane Beitia Elgoibarko alkatea, Gizarte Ongizate Saileko eta Kirol Patronatuko zinegotziekin batera.
• 104 kilometro igerian
Igeriketa Taldeko lehendakari Jose Angel Agirrek azaldu du, abenduaren 14an Olaizaga kiroldegiko igerilekuan egin zuten saioan 104 kilometro egin zituztela igerian, guztira, parte hartu zuten lagun guztien artean. Bi kaletan 100 metroko serieak egin zituzten, eta parte hartzaile bakoitzak nahi adina serie egin ahal zituen.

2019 12 23 aspanogi elgoibar kirol solidarioa txekea 1

∞ Lotura duten albisteak: