Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunearen aldeko Tonbolan boleto guztiak saldu zituzten, eta 1.800 erregalutik gora banatu, inoiz baino opari gehiago. Sarituak izan ez ziren txartelekin Etxer-Tar enpresak emandako telebista handi baten zozketa egin dute 14:00ean, eta Juankar Hernandezek kutxan sartutako txarteltxoa atera zutenez, berak eraman zuen etxera 55 hatz beteko telebista.
Elgoibarko eta inguruetako establezimendu, enpresa eta norbanakoek emandako opariak dira zozketatu direnak, eta lerro hauen bidez, Elgoibarko Izarrak eskerrak eman nahi dizkie opariak eman dituzten guztiei eta baita tonbolara eta txosnara gerturatu ziren lagun guztiei ere. Tonbolan batutako dirua Elgoibar euskaldunago egiten jarraitzeko erabiliko du Elgoibarko Izarrak. Tonbolaz gain txosna ere jarri zuten plazan, talo-postua eta guztikoa. Elgoibarko Udal Musika Bandak ere lagundu zuen jai eguna borobiltzen. Eta, noski, Olentzero eta Mari Domingi izan ziren goizeko izar nagusiak.