Bide berria ireki du Alberto Fernandez kide izan den soka-taldeak Tozal de Riperaren ipar horman

Barren.eus 2020ko urt. 23a, 22:43

Mikel Zabalza, Iker Madoz eta Alberto Fernandezek osatutako korda-taldeak mistoko bide berria zabaldu du Pirinioetan dagoen Tozal de Ripera (2.647 metro) mendiaren ipar horman, bi eguneko eskalada saioa eginda.

Mendizaleek Julia izena jarri diote zabaldutako bide berriari. Hamaika luze eskalatuta osatuta lortu zuten 700 metro luzeko bide berria irekitzea, eta honako zailtasuna du: ED, 6a, M6 eta 90º. Zehatz-mehatz esanda: librean 6a, mistoan M6 eta izotzean 90°. Eta, datu teknikoak eskalatzaileen sentsazioetara ekarrita, hau litzateke: Pirinioetako paretarik “ederrenetarikoan” bide “handia” ireki dutela eta “izugarri abentura ederra” izan dela haientzat.

Mikel Zabalza nafarra aurrez ere saiatu zen horma horretan marra berria sortzen. Lehen ekinaldian Kepa Escribano lagun zuela, duela hamar urte eta bigarrengoa, Madozekin batera, orain dela lau urte. Bi saiakera haietan lortu ezin izan zuena lortu du orain Madoz eta Alberto Fernandezekin soka-taldea osatuta. Urtarrilaren 5ean eta 6an ireki zuten bidea, azken frontea sartu aurretik, mendi jarduerak egiteko eguraldi baldintza paregabeekin. "Pirinioak primeran zeuden. Argi geneukan izotzezko sekzioak osatuta egongo zirela. Beraz, baldintza perfektuak aurreikusten genituen. Eta hala izan zen. Negu honetan hegotik elur asko egin du, eta, ipar murrua denez, izotz guztia ondo baino hobeto itsatsita zegoen. Bestalde, bibakaren aldeko apustua egin genuen; bidea, berez, luzea eta gogorra delako. Eta esan behar dut gau horretan ez genuela hotzik izan. Oro har, eskaladaren bi egun horietan bikain igaro genuen. Lan eskerga egin dugu, bai, baina era berean barre asko ere egin dugu", esan du Alberto Fernandezek naiz.eus-en jaso dituzten adierazpenetan.
Behin “Julia”-ri forma eman eta gero, hiru eskalatzaileak ados dira marra bikaina eskalatu dutela esatean: «Kristorena da; hala uste dugu. Luze guztiak oso onak dira, baina, ondo eskalatu behar da. Horma handia da, eta izaera horretako marra bat zabaldu ahal izateko zirrikitu guztiak ondo baino hobeto begiratu eta aztertu behar dira. Arroka ona da ere, eta horrek asko laguntzen du. Bide hau Alpeetan zabaldu izan bagenu, argi eta garbi dugu beste aura bat izango lukeela. Baina Pirinioetan dago, eta horrek badirudi garrantzi pixka bat kentzen diola. Horrelako kasuak Pirinioetan asko daude. Kalitate handiko bide gogorrak sortu dira, baina ia ‘oharkabean’ pasatzen dira. Uste dut bide horiei ez diegula ematen behar adinako balioa. Beste era batera esanda, Pirinioetan egin ditugun jardun gogorrak ez ditugu ondo saltzen. ‘Julia’ Alpeetan egongo balitz, izen handia izango zukeen. Baina esan dudan bezala, Pirinioetan dago".

2020 01 06 julia bidea tozal de ripera alberto fernandez

2020 01 06 julia bidea tozal de ripera alberto fernandez pareteantxiki

2020 01 06 julia bidea tozal de ripera alberto fernandez vivac

2020 01 06 julia bidea tozal de ripera alberto fernandez mendia

2020 01 06 julia bidea tozal de ripera alberto fernandez mapan