Artista bera ere ezagutuko duzue beste zenbaitzuk, azokaz azoka ere ibili izan delako egurra nola lantzen duen erakusten eta artisaugintzari balioa ematen, jakin badakielako ezagutzen ez dena nekez baloratzen dela. Eibarren egin dugu hitzordua harekin, eta alaba Mirenekin agertu da estudiora.
"Gure aita Alfan ibili da lanean 20 urte zituenetik, muntaketan, eta 63 urterekin erretiroa hartu zuenean, gaztetu egin zen. Are, oso-osoan gustuko zuen horretara jarri zenean, egunak motz egiten hasi zitzaizkion”, dio Mirenek aitaz, Andres Egidazu artista artisauaz. Estudioa hartu aurreko urteetan etxeko ganbaran gogoratzen du aita lanean, eta hunkitu ere egin da zintzela eta mailua eskuan hartu eta tornuan jarritako ohol zatiari danba-danbaka hasi denean berriro aita. “Aspaldi ez nuen entzuten zarata hori, baina gure etxeko soinu-banda izan da. Denboraren nozioa ere galtzen zuen gure aitak ganbaran bere gauzetan ari zela”.
Irailean 90 urte beteko ditu Andres Egidazuk, eta gaur oraindik, egunero egiten du etxetik Legarren duen estudio txikira arteko bidea. “Egunero zabaltzen ditut nik leiho hauek. Hementxe distraitzez naiz ni”, dio. Azken urteotako dozenaka lan ditu estudioan konpas-konpas jarrita, baita tailer txikia ere leiho ondoan, erremintaz betea. Eguzki-begian dago estudioa, eta atsedenerako eta lanerako ez ezik, gimnasia egiteko ere baliatzen du lokala Andresek azkeneko urteotan. “Bizkarreko ebakuntza egin zidaten eta hementxe egiten dut gimnasia ere”. Bigarren etxea du estudioa. Ataritik, Corte Inglesa ikus daiteke parez pare, 43 urtez lantoki izan zuen Alfa enpresaren orubean eraikitako saltoki handia, eta urrutirago, Alfa Arte enpresa, zeinetik berriro lanean hasteko tentatu zuten, erretiroa hartu berritan. “Eskulturagintzan aritzen dira Alfa Arten, eta lanerako deitu ninduten, baina ezetz esan nien”, gogoratu du.
• Era askotariko lanak
Estudioan dena du erakusteko Andresek. Eta dena da ikustekoa: makila landuak, askotariko ama birjinak eta egurrean egindako dozenaka eskultura -tartean estudioan dituen gainerako lanen ondoan jite modernoagokoa dirudien gorputzik gabeko kristo santuarena-, Elgoibarko San Bartolome parrokiaren maketa, Arrateko santutegiarena, Eibarko San Andres parrokiarena, Idotorbeko Santumotz ermitarena nahiz Eibarko Azitaingoarena, Arantzazuko basilikarena, 36ko gerran tropa frankistek Kalamua gainean eraitsi zuten sozialisten Tomas Meabe aterpearena, Donostiako Urgull mendiko Jesusen Bihotzarena [azkeneko egindako maketa du] ... eta tartean, jakina, baita sortzen ikusi zuen etxearen maketa ere, Urkiola-Handi baserriarena. Kanpoko zein barruko detailerik txikienak ere zaindu ditu haietan.