Elgoibarko Udalak, Badihardugu elkartearen “ahotsak ikasgelan” proiektuaren barruan, eta Eskoriatza, Aretxabaleta eta Eibarko udalekin elkarlanean, Jira bueltan izeneko liburuxka eta DVDa argitaratu zituen 2018ko abenduan. Lau herrietako 9 ikastetxetako 300 haur baino gehiagok hartu zuten parte egitasmo honetan. Gurean, Herri Eskolako eta Ikastolako haurrak izan ziren parte hartu zutenak.
Guztira, 30 kanta-jolas, 14 jolas eta 7 abesti jaso zituzten. Adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritutako kantak eta jolasak dira, gehienak Debarrokoak.
Ikasturte honetan, ikastetxeetan banatuko du Jira Bueltan liburuxka-DVDa Elgoibarko Udalak, Lehen Hezkuntzako 1. mailan, hain zuzen. Hori bai, aisialdian erabiltzeko ere oso aproposa da, guraso zein hezitzaileentzat.
Gainera, liburuxka-DVDan datozen kanta eta jolas guztiak “Ahotsak Ikasgelan” webgunean ere jarri dituzte herritarren eskura: http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/