Musikari elgoibartarrak elkarrizketatu ditu Eugeni Alzibar youtuberrak

Barren.eus 2020ko ots. 3a, 21:00

Kultur eta kirol munduko jendea elkarrizketatzen du Eugeni Alzibarrek (Mosku, 1997) EugenirenTxokoa Youtubeko kanalean. Bi musikari elgoibartar izan dira Eugeniren txokora batzen azkenetarikoak, Jon Gurrutxaga eta Iban Urizar.

 Eugeni Alzibar Etxeberria youtuberrak 120 elkarrizketatik gora igo ditu azken bi urteetan EugenirenTxokoa (EuTxo) Youtubeko kanalera, eta Hamaika telebistan ere ematen dituzte Alzibarrek eginiko elkarrizketok. Kulturaren arlo guztiak bildu nahi zituela eta, arlo askotariko jendea elkarrizketatzen du, kultur eta kirol arloko aurpegi oso ezagunak horietako asko, ezagunak ez direnak ere elkarrizketatzen baditu ere. Besteak beste, Benito Lertxundi, Toti Martinez de Lezea, Bernardo Atxaga, Jokin Altuna, Nerea Alias, Aitziber Garmendia, Itziar Ituño, Telmo Esnal, Aitor Gorosabel, Xabi Prieto, Fermin Muguruza edo Martxelo Otamendi elkarrizketatu ditu.
Garun-paralisi baten ondorioz gurpildun aulkian dagoen arren, ez dela nahi duena egiteko oztopoa dio Alzibarrek. Bere kanalerako elkarrizketak eta gainerako bideoak, esaterako, berak bakarrik grabatu eta editatzen ditu. Tresna egokituekin dauka ordenagailua. Sagu berezi bat dauka, kokotsarekin maneiatzekoa. Eta teklatu arrunt bat, baina altuera batean jarrita, sudurrarekin tekleatzeko.
Elkarrizketetan pertsona nolakoa den azaldu nahi du Alzibarrek, Berria egunkariariko kazetari Edu Lartzangureni emandako elkarrizketa batean azaltzen duenez. Era berean, elkarrizketak psikologia aldetik lantzen dituela dio, ez kazetari ikuspuntutik. Eugeniren Txokoa kanala elikatzeaz gainera, Alzibarrek hamar urte daramatza kolaboratzen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin, 2007an Zazpikoloroa ikuskizunean parte hartu zuenetik.
Jon Gurrutxaga eta Iban Urizar musikari elgoibartarrei eginiko elkarrizketetan, batak zein besteak musika munduan eginiko ibilbidearen errepasoa egiten dute. Hona hemen bi elkarrizketak: