Maite Rementeria: “Aurten, Egunean Behingo erabiltzaileei eurei emango diegu aukera galderak proposatzeko”

Barren.eus 2020ko ots. 7a, 09:02

CodeSyntax enpresak garatutako Egunean Behin aplikazioak jaso du aurten Interneteko Argia Saria. Barikuan banatu zituzten sariak Usurbilgo Atxega jatetxean eta Maite Rementeria elgoibartarrak, CodeSyntax enpresako diseinatzaileak, jaso zuen saria, lantalde osoaren izenean. Sariaz eta astelehenean hasi zuten denboraldi berriaz jardun gara berarekin.

 Interneteko Argia Saria jaso duzue 2020ko Argia Sarietan. Zer izan da sari hau zuentzat?
Pozteko arrazoi bat. Egindako lanaren errekonozimendu bat da azken batean, eta halakoak beti dira pozgarriak.

 • Egunean Behin tribial erako galdera-erantzunen jokoaren hirugarren denboraldiari ekin zenioten astelehenean. Jolasaren esentzia ez dela aldatu nabarmendu duzue, baina aldaketa batzuk izan direla. Esaterako?
Orain arteko oinarri bera izango du: egunean hamar galderari erantzun beharko zaie ahalik eta denbora motzenean, eta aste amaieran ikusiko da zein moldatu den ondoen. Aldaketa handiena sailkapenean egongo da. Zortzi aste iraungo ditu hirugarren denboraldiak eta sailkapen orokorrerako zortzi aste horietatik lau aste onenak zenbatuko zaizkio parte-hartzaile bakoitzari. Finala ere izango da. Azpeitin jokatu zen iaz finala eta sailkapen orokorreko 100 lehenengoak zuzenean sailkatu ziren. Gauza bera egingo dugu aurten, baina oraindik ez dugu zehaztu finala noiz eta non jokatuko den.

2020 02 06 maite remen egunean behin promoa

 • Abendutik otsailera etena egin duzue, besteak beste galdera berriak sortzeko. Zeintzuk iturri erabiltzen dituzue?
Bai, galdera-sorta berriak gehitu ditugu. Galderetako batzuk programazio bidez sortzen ditugu, beste asko Interneten, Wikipedian, dagoen informazioa erabilita, eta aurten, erabiltzaileei beraiei galderak proposatzeko bidea ere emango diegu [Labur.eus/galdera-behinhelbidetik proposatu daitezke galderak]. Iaz ere jaso genituen galdera-proposamenak guk eskatu gabe, eta baita oker zeuden galdera/erantzun batzuk zuzentzeko eskatzeko mezuak ere, eta feedback hori indartzeko bidea emango dugu aurten. Bestetik, EHUko Informatika Fakultatearekin eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzarekin elkarlanean, lehiaketa ere antolatu dugu, informatikako ikasleek eta programazioaren zale direnek galdera-erantzun automatiko propioak egin ditzaten. Martitzenean hasiko da lehiaketa Donostiako Informatika Fakultatean egingo den ekitaldi batekin, eta denboraldia amaitu aurretik zehaztuko dira sarituak. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du eta 100 euroko bost akzesit ere banatuko ditugu.

 • Iazko urte amaieran 60.000 erabiltzaile izatera iritsi zineten. 60.000 euskaldunen artean 3,5 milioi partida jokatu ziren. Langa oso goian duzue. Zer moduzko hasiera izaten ari da?
Pozik gaude. Ez gara 60.000ra iritsi jakina, hori oso kopuru handia delako euskal komunitatean, baina poliki-poliki ari gara eta pozik gaude lortzen ari garen emaitzekin.

 • Otsailaren 3a noiz iritsi zain izan gaituzue. Behar bat sortu duzue. Hori bera bada lorpen bat.
Bai, hori da. Nik uste dut abendutik otsailerako etenak lagundu duela tentsio hori mantentzen. Eman-kendu horrekin lortu dugu hori, eta bide batez, deskantzurako tartea ere hartu dugu. Egia esan guk ia ez dugu marketinik egin. Guri erabiltzaileek eurek egin digute publizitatea, ahoz aho.

 • Partida gehien, 60.000tik gora, 2. denboraldiko azken egunean jokatu ziren, abenduaren 29an, eta azpimarratu duzue abenduaren 25eko bazkari handiak lagundu zuela jokoa zabaltzen.
Bai. Geu ere harritu ginen Gabonetako piko horrekin. Ehunka talde sortu ziren abenduaren 25ean, eta seguru gaude horregatik izan zela, lagunak eta senideak elkartu zirelako eta ahoz aho zabaldu zutelako jolasaren berri. Hori du polita honek.

∞Lotura duten albisteak: