Eguenerako manifestazioa deitu dute Elgoibarren, 'Zaldibar argitu, orain!' leloa hartuta

Barren.eus 2020ko ots. 19a, 15:39

Zaldibarko zabortegian izandako luziaren osteko gertaera guztiak argitzeko eskatzeko manifestazioa egingo dute eguen honetan, otsailaren 20an, Elgoibarren.

 

'Zaldibar argitu, orain! elgoibartarrok ere azalpenak behar ditugu' lelo hartuta deitu dute manifestaziora “Zaldibar Argitu Orain” herri plataformakoek. Zaldibar inguruko herrietan hainbat mobilizazio egin dituzte ezbeharra gertatu zenetik, eta aurrenekoa izango da Elgoibarren. Kalegoen plazatik abiatuko da manifestazioa 19:00etan.
Gipuzkoako Jubilatuak eta pentsiodunak batzen dituen Duintasuna elkarteko Elgoibarko kideek manifestazioarekin bat egingo dutela azaldu dute. "Gure herria sei kilometro eskasera dago Eibartik, eta zortzi kilometrora Zaldibartik. Kezkatuta gaude. Gaurko azken albistea da Eibarko eta Ermuko Udalek bertan behera utzi dituztela ostegunerako eta ostiralerako aurreikusitako inauterietako ekitaldi nagusiak. Eibarko airea kutsatuta baldin badago, nola sinetsi gurea garbi dagoela? Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegiaren krisian izan duen jarrera dauka Elgoibarko udalak. Isiltasuna eta informazio falta. Hitz batean, utzikeria" adierazi du Duintasunak.