• Dena prest bigarren ediziorako?
Baietz uste dut. Talde Eragilean jaso eta barneratu dugu bigarren edizioak proposatzen duena, eta orain gizarteratzelana prestatzen dihardugu. Udara artekoa Euskaraldia entitateei aurkezten emango dugu; irailean, berriz, norbanakoei informazioa eman eta animatzeko lanekin hasiko gara.
• Entitateen parte-hartzea izango da bigarren edizioko berrikuntza nagusia?
Bai, hala da. Lehen edizioan norbanakook bakarrik egin genuen ariketa. Bigarren edizioan, berriz, entitateek ere era aktiboan parte hartzeko aukera izango dute. Entitateetako hizkuntza-ohiturek zuzenean eragiten diete bertako kideei, eta horregatik animatuko ditugu entitateak Euskaraldian parte hartzera.
• Kontzeptu berri bat ere asmatu duzue bigarren ediziorako: arigunea.
Entitateen baitan identifikatuko diren guneak dira; gune naturalak, lehendik dauden guneak (bulego, departamentu, mostradore, eta abarrak), non euskaraz egin dezaketen arazorik gabe; hortaz, euskaraz lasai jarduteko taldeak edo guneak izango dira ariguneak. Entitateen egiteko nagusia ariguneak identifikatzea izango da.
• Zer baldintza bete behar dira entitate batean ari gune bat sortzeko?
Bi dira baldintzak. Bat: talde edo gune bateko kide guztiek ulertu beharko dute euskara. Eta bi: gehiengoak erabakiko du parte hartu nahi duen, eta beraz, talde edo gune hori arigunea izango dela.
• Lan handia izango al da entitateentzat?
Ez. Entitate bakoitzak erabaki behar duena da Euskaraldian parte hartu nahi duen ala ez. Eta ariketa egitea erabakitzen dutenek a rig u n e a k identifikatu beharko dituzte, eta ariketa egiteko prestatu.
• Elgoibarren 700 entitate inguru dago. Nola helduko zarete entitate guztietara?
Gure nahia ahalik eta entitate gehienekin aurrez aurre egotea da, baina badakigu denekin ezingo garela egon. Aurkezpen sektorialak egingo ditugu martxoan; sektore bakoitzari aurkezpen bat. Bestalde, aurkezle sarea ere hor daukagu 30 lagun baino gehiagorekin. Gure esku dagoena egingo dugu herrian estrategikoak diren entitateekin aurrez aurre egoteko.
• Lehen edizioko metodologia errepikatu egingo da bigarrenean, ezta?
Bai, ariketaren muina lehen edizioko bera da: hizkuntzaohiturak euskararen mesedetan aldatzea izango da helburu garrantzitsuena eta, horretarako, ahobizi eta belarriprest rolak errepikatuko ditugu. Ariketaren iraupenari dagokionez, aurten 15 egunez egingo dugu, azaroaren 20tik abenduaren 4ra.
• Amaitzeko, Euskaraldia mugarri bat al da euskalgintzan?
Baietzean nago. Ez da mugarri bakarra, noski, baina proposamena berritzailea da eta ilusioa sortu du. Euskaraz jakin eta ulertzen dugunon artean euskaraz gehiago egiteko metodo berria da, eta euskararen alde egotetik euskaraz egitera pasatzeko gonbita. Lehen edizioaren gainean egindako ikerketako emaitzek ariketak balio duela erakutsi digute.