Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa jokatu berri dute, otsailaren 20tik otsailaren 23ra bitartean, Irlandan, Donegal konderriko Letterkenny hirian. Kluben arteko txapelketaren saioak eguen eta barikuan jokatu zituzten eta zapatuan eta domekan jokatu zituzten nazioen arteko kategoriak. Lehen bi egunetan Euskal Herriko hamar sokatira klubetako taldeak aritu ziren lehian munduko sokatira talde onenen aurka.
• Egun historikoa euskal sokatirarentzat
Lehen jardunaldia historikoa izan zen euskal sokatirarentzat, euskaldunek podiumeko hiru koskak zapaldu baitzituzten emakumezkoen 540 kiloko kategorian, alegia, urrea, zilarra eta brontzea munduko txapelketan. Finalean Lesakako Beti Gaztek eta Gasteizko Badaiotzek neurtu zituzten indarrak. Euskadiko txapelketan nafarrak nagusitu ziren, baina munduko finalean badaiotzek bi tiralditan mendean hartu zuen Beti Gazte. Laukizko Gaztedik osatu zuen guztiz euskalduna izan den podiuma, Herbeheretako Monnickendam taldeari irabazita. Sonia Archeli mendaroarra izan zen Badaiotz taldearekin aritu zen zortzi tiralarietako bat (ikus bideoa eitb.eus-en). Hala, Irlandan lortutako urrezko dominarekin duela bi urte Txinan jokatu zuten munduko txapelketako emaitzak hobetu ditu. Tiralari mendaroarrak zilarrezko bi domina irabazi zituen Badaiotz taldearekin 2018ko Munduko Sokatira Txapelketan. Badaiotzek bigarren urrezko domina bat ere irabazi du Irlandan, 500 kiloko kategorian, baina Archelik ez zuen lehian parte hartu, ordezko tiralarietako bat izan bazen ere (ikus finaleko bideoa).
• Domina gehiago Euskal Herriko selekzioarekin
Sonia Archelik nazioen arteko Munduko Txapelketan ere hartu du parte. Izan ere, Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketako talde txapeldunek ordezkatu dute Euskal Herria Irlandan, eta Badaiotz taldeko tiralariek ordezkatu zuten euskal selekzioa 500 kiloko kategorian. Talde arabarrak Herbehereetako selekzioa kanporatu zuen finalaurrekoan, bi tiraldi gogor jokatu eta gero, baina finalean ezin izan zuten ezer egin Taiwango talde indartsuaren aurka.
Irakurri hemen Sonia Archelik BARREN aldizkariari emaniko elkarrizketa (BARREN 1070. zenb. -PDF-)
*Argazkiak: Badaiotz Herri Kirol Taldea.