Azpeitiko Deah Cafe saioetako batean parte hartu zuten lagunen "beldurrak, hausnarketak eta sentimenduak" bildu zituzten Ur Handitan saioko 'Azukrerik gabe' izeneko atalean. Atzo eman zuten ETB1ean, baina dagoeneko ikusgai dago atal osoa eitb.eus webgunean.
Iñaki Arregi Irizar (Elgoibar, 1973) izan zen heriotzari buruz taburik gabe 'Azukrerik gabe' atalean berba egin zutenetariko bat, bera izan baitzen Death Cafearen antolatzaileetariko bat, Manex Beristainekin batera. Arregik, iazko urian BARRENi emandako elkarrizketa batean adierazi zuen moduan, gizartean heriotzaz berba egiteko behar handia dagoela esan zuen saioan, eta aitortu zuen heriotza gero eta barneratuago izan, orduan eta biziago sentitzen dela. Heriotza oso presente egon da elgoibartarraren bizitzan. Arreba hil zitzaion lehendabizi, eta ondoren, ama, anaia eta aita. Bizitza iraupen prozesu bat izan da berarentzat. Meditazioa lantzen hasi zen, eta, gero, gorputza. Horrela jaio zen Urbizixa, bizia eta heriotza lantzen laguntzen duen proiektua.