• ‘Sexualidad jubilosa’ hitzaldia eman duzu Elgoibarren. Zertan datza?
Hitzaldi honen helburua da adineko pertsonei edo helduaroan sartuta daudenei sexurako aukera berriak azaleraztea. Kulturak eta moralitateak sexurako mugak jartzen dizkiete adineko askori, eta beraiek bizi izan duten kulturak ez die utzi sexua modu gozagarrian bizitzen. Horri gehitzen zaizkionean adinak berarekin dakartzan sexua egiteko zailtasun fisikoak askok erabat alboratzen dute kontu hau; sexuari uko egiten diote. Hitzaldiaren izenburuak berak sexua poztasunez bizitzeari egiten dio erreferentzia. Ez dezala inork pentsatu jubilatzearekin edo zahartzearekin batera sexua bukatu egiten dela. Zahartze osasuntsu baterako ezinbestekoak dira norbera asetuko duten bizipen erotikoak. Gure aiton-amonak plazerezko bizitza sexuala zer zen jakin gabe hilko ziren seguraski. Egin behar zutena egingo zuten umeak edukitzeko, ilunpetan, eta isilik, baina gaur egun jubilatu-bizitza luzea da, aktiboa, osasuntsua, eta ezin dugu pentsatu jubilatuari zahartzea besterik ez zaiola geratzen. Egia da jubilazioak eta zahartzeak gabezia fisiko batzuk dakartzala berarekin, baina sexurako aukera asko daude. Asko ez dira hitzaldira etortzen, iruditzen zaielako gai hau ez dela beraientzat, baina hori gertatzen da sexua larrua jotzea dela ulertzen dugulako.
![]() |
![]() |
• Eta, zer da sexua?
Sexua organo genitalekin lotzen du jende gehienak, eta sexuaz hitz egiten hasten garenean, txortan egiteaz hitz egingo dugula uste dute gehienek. Sexologoek beti diogu sexua txortan egitea baino askoz gehiago dela eta organo genitalez harago doala. Hitzaldi hasieran beti esaten diet entzuleei organo genitalak askatzeko eta aulki azpian gordetzeko, ez ditugulako beharko. Harritu egiten dira, baina txantxa horrek lagundu egiten die hitzaldiaren testuinguruan sartzen. Hitzaldi amaieran gogorarazten diet berriz har dezatela aulki azpian utzi duten hori. Garrantzitsua da genitalen testuingurutik irtetea, sexuak eskaintzen dizkigun aukera guztiak ikusteko, bestela, gozamenerako aukera asko galduko ditugu. Sexurako organo erotikoena azala da, eta azalak ez du inoiz bere funtzionalitatea galtzen. Zahartu egiten da, zimurrak agertzen zaizkio, baina ez du galtzen sentiarazteko ahalmena. Genitalek zahartzaroan ez dute gaztaroan bezala funtzionatzen, baina horrek ez du esan nahi sexua alboratu behar dugunik; disfuntzio hori aukera berriak bilatzeko aukera bezala ikusi behar da.
• Desioa nola aldatzen da adinarekin?
Beste pertsona batekin egoteko desioa beti egongo da, hori ez da desagertzen. Bakarrik bizi den jende asko dago gaur egun, emakumeak batez ere. Askok uste dute alargundu ondoren bakarrik egotea dela aukera bakarra, eta ez diote bere buruari lagatzen beste pertsona batekin elkartzeko gogoa sentitzen ere, pentsatzen dutelako bi pertsona elkartzen direnean larrua joteko dela. Baina bi pertsonen arteko elkartzeak harago doaz. Desioa izan daiteke besarkatzekoa, elkar ukitzekoa, muxu ematekoa, pasiatzera joatekoa, hitz egitekoa, gauza politak esatekoa... Eta hortik aurrera, norberak nahi duenera arte luzatu daiteke desioa, eta baldintzak ematen badira, txortan egitera ere iritsi daitezke bi pertsona horiek. Baina ez dezagun utzi bidean dagoen aukera guztia, bukaerara iristeko aukerarik ez daukagulako. Puntu hau metafora batekin azaltzen dut nire hitzaldietan: Mendizalea denari beti gustatuko zaio mendira joatea, baina zahartzaroan 3.000 metroko mendien ordez, Txindoki, Adarra edo Herniora joan beharko du, edo agian lautadetan pasiatu beharko du, eta gainera makulua edo norbaiten laguntza beharko du bide horretan, baina oztopo horiez gain, ez da etxean geratuko mendira joan gabe. Sexuan gauza bera gertatzen da. Uko egingo diogu sexuari bukaerara ezin garelako iritsi? Bidean dagoen aukera zabala esploratu eta aprobetxatzen jakin behar dugu, eta askotan konturatu gabe iritsiko gara helmugara.
- Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariaren 1152. zenbakian -PDF-