Elgoibarko Ikastolako eta Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek Elgoibarko Udalak antolatutako 'Tramankuluak' (Tanttaka Teatroa) antzezlanaren emanaldiarekin gozatzeko aukera izan zuten atzo, martxoak 5, Herriko Antzokian, bi emanalditan.
Umeei gauza txikien misterioak erakusten dizkien eta istorio miresgarriak asmatzeko grina pizten dien antzerki-obra xumea da Tramankuluak. Jose Ramon Soroiz aktore ezagunak hainbat tresna erakutsi zizkien ikasleei oholtza gainean, horien barruan ezkutuan dauden istorioak bistaratuz.
Haurrak liburuetara, irakurketa eta idazketara hurbiltzeko asmoz sortu zuten antzezlan didaktiko hau, eta horretarako tresnen erakargarritasun plastikoaz baliatzen dira.
'Artefactes' izeneko kaxa-liburu-sorpresa bat dago Tramankuluak lanaren jatorrian. Bai liburua eta bai antzezlana sarituak izan dira. Liburuak 2003an Umeentzako Liburuaren Sari Nazionala jaso zuen eta Generalitateak Arte Eszenikoetarako Haur Ikuskizun Onenaren saria eman zion antzezlanari.