EH Bilduk Apraitzeko araztegiko uraren eta inguruko airearen kalitateari buruz galdetu die administrazioei

Barren.eus 2020ko mar. 10a, 14:19

Elgoibarko EH Bildu "oso kezkatuta" dago jendaurrean agertzen ari diren hainbat informaziorengatik eta San Antolinen dagoen Apraitzeko hondakin-uren araztegi inguruan bizi diren bizilagunengandik iristen ari zaizkien kexengatik.

Herritarengandik jaso dituzten kexak eta galderak administrazioetara helarazi dituztela jakinarazi du Elgoibarko EH Bilduk. Hala, Apraitzeko araztegiko uraren eta inguruko airearen kalitatearen inguruko informazioa eskatuz idatziak bidali dizkiete Elgoibarko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari eta Ura Agentziari.

"Joan den otsailaren 16an, Zaldibarko zabortegian lanean ari zen kamioilari baten testigantza irakurri genuen 'Berria' egunkarian. Testigantza horren arabera, San Antolingo araztegira eramaten ziren aipatutako zabortegitik zetozen lixibiatuak. Harritu egiten gaituen gertaera bat, zabortegi horrek ez baitio zerbitzurik ematen Zaldibarko udalerriari", adierazi dute.
Era berean, ohartarazi dute Apraitzeko araztegian arriskutsuak izan daitezkeen substantziak tratatzearekin zerikusia duten kexak helarazi dizkietela San Antingo bizilagunek. "Araztegiaren inguruetan bizi diren bizilagunek adierazi digute badirela egunak urak tratatzeko azpiegituratik gasak ateratzen direla, badirela egunak arnasa hartzeko zailtasunak dituztela, ahotsa hausten zaiela, beren eztarriak sufritzen dutelako... Eta ikusi dutela urak isurtzen direla ibai mugakideetara". EH Bilduk dio bizilagunek urteak daramatzatela gai hau erakundeetan salatzen, baina ez dutela erantzunik jaso gertatu zaizkien ondorio horien arrazoiak argitzeko, "beti ukatu izan baitzaie egindako azterketen emaitzak ezagutzea".

Horren harira, Elgoibarko EH Bilduk hainbat dokumentu eta informazio eskatu die erakunde eskudunei. Jakin nahi du ea araztegia arriskutsuak izan daitezkeen substantziekin lan egiteko egokituta dagoen, ea araztegian sartzeko eta irteteko kontrolak dauden, ea araztegiak zerbitzurik ematen ez dien beste udalerri batzuetako urak har ditzakeen, ea aldian-aldian airearen eta uraren kalitatearen kontrolak egiten diren... Era berean, administrazioei eskatu die araztegiko uren sarrera- eta irteera-kontrolen emaitzak, egin ziren inguruko airearen kalitatearen kontrolen emaitzak baina ez ziren inoiz emaitzak ezagutu.

Amaitzeko, EH Bilduk Deba ibaiko uraren kalitatea aztertzeko eskatu dio Ura Agentziari; izan ere, zabortegia erori eta gero, dioxinak eta furanoak atzeman zituzten zabortegiaren inguruan. Deba ibaian dioxinen presentzia neurtzeko eskatu dio EH Bilduk Ura Agentziari.

2020 03 10 apraitz araztegia airetik info enviro 2

∞ Lotura duten albisteak: