San Andres adinekoen egoitzarako material eske ari da Eibarko Udala

Barren.eus 2020ko mar. 20a, 16:11

 Fernando Viciosa Villacortak, San Andres egoitzako zerbitzuen ikuskatzaileak, egoera "larria" zela ohartarazi zuen atzo ohar baten bidez. Oharrean zioen duela egun batzuk COVID19 birusa ez zabaltzeko protokoloa aplikatu zutela egoitzan, Osakidetzarekin eta Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostutako protokoloa. Protokoloak zioen arnasa hartzeko ezintasunekin hasten zen adinekoa isolatu egin behar zela, koronabirusaz kutsatua egoteko arriskurik izan ez arren. Protokolaren arabera, pertsona horrek ezin izango zuen bere logelatik irten, eta bai berak eta bai bera artatzera gelara sartzen zirenek maskarillak erabili beharko zituztela. Geroztik, hainbat egoiliar isolatu dituztela jakinarazi zuen Viciosa Villacortak, eta atzo, sei zeudela egoera horretan, baina maskarillak falta zituztela protokoloa betetzeko. "Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko departamentuarekin jarri gara harremanetan eta jakinarazi digute momentu honetan ez dutela maskarillarik guri bidaltzeko eta ezin diotela gure arazoari konponbide bat eman. Horregatik, eta momentuz gure sendagilearen arabera ez dagoenez koronabirusa izan dezakeen inor gurean, nire proposamena zera da: egoiliar horiei testa egitea eta negatibo emanez gero isolamendu egoeratik ateratzea. Baina dagokionari eskatzen diot gure kasua azter dezan eta esan diezagula zer egin behar dugun".

Gaur Eibarko ...eta kitto! aldizkariak egoitzan ama duen herritar baten testigantza jaso du. Hona hemen testigantza hori, ...eta kitto!-ren webgunetik hartuta. Bestalde, gaur jakin da Eibarko Egogain Gerontologia Zentroan lehenengo koronabirus kasua gertu dela.