Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du funtsezkoa ez den jarduera oro etengo dutela. Ministro Kontseiluak igandean onartuko du neurri hori. «Ezohikoa da: funtsezko lanetan aritzen ez diren langile guztiak etxean geratu beharko dira datozen bi asteetan», adierazi du Sanchezek Moncloatik egindako presazko agerraldi telematikoan.
Astelehenetik aurrera egongo da indarrean «berreskuratzeko ordainpeko baimena». Ordutik aurrera, langileek ohiko soldata jasoko dute, eta egin gabeko lanorduak geroago egingo dituzte, «mailaka, eta denboran banatuta». Hainbat hedabidek zabaldu dute baimen hori enpresek ordainduko dutela, eta horregatik berreskuratuko dituztela lanorduak gero.