Atzo baino hiru koronabirus positibo gehiago daude Debabarrenean, denak Ermuan. Datu ofizialen arabera, Elgoibarren 24 kasu positibo egiaztatu dituzte orain arte, apirilaren 3an jasota zituzten datuetan baino bi kasu gehiago. Mendaron berdin jarraitzen du kopuruak azken egunetan, egiaztatutako bi kasurekin. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, Debabarrenan 172 dira kutsatuta dauden herritarrak. Eibarren, Elgoibarren eta Ermuan daude kasu positibo gehienak eta Mallabia da positiborik atzeman ez duten eskualdeko herri bakarra.
•Ingresorik ez 24 orduan Mendaro Ospitalean
Eibarko ospitalean 52 gaixo daude ingresatuta koronabirusak jota; eta Mendaroko Ospitalean, 21. Alegia, aurreko eguneko kopuru bera da. 24 orduan koronabirusagatik ingresatu bakar bat ere ez izana dantza batekin ospatu zuten Mendaroko zenbait langileek, sare sozialetan zabaldu duten bideoan ikus daitekeen moduan. Mendaro Ospitalean ingresatutakoen artean lagun bat dago Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU).
Eusko Jaurlaritzak gaur eman dituen datuak, Denbabarrenako herrietan:
- Eibar 89 koronabirus kutsatu
- Elgoibar 24
- Ermua 29
- Deba 11
- Mutriku 7
- Soraluze 4
- Mendaro 2
- Mallabia 0
Euskadin 211 kasu positibo berri izan dira eta azken orduotan eta guztira, 9.021 pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta. Horietatik, 1.725 ospitaletan dira. 586 lagun hil dira, atzo beste 38 heriotza izan ondoren (ikus datuak mapa interaktiboan). Bestalde, 3.728 pertsona dira errekuperatu eta alta emandakoak, ingresoen kopurua murriztuz doan bitartean. Osasun Sailburu Nekane Murgak gaur goizean eginiko agerraldian nabarmendu du orain arte 23.246 proba egin dituztela guztira. Atzo egindako 768 probetatik % 27k positibo eman zuen, "alegia, azken hilabete honetako portzentajerik baxuena".
Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurrien gaineko informazioa Euskadi.eus/coronavirus web orrian kontsulta daiteke. Era berean COVID-19.EUS APPren bidez, COVID19koak izan zitezkeen sintomak zituzten 1.186 pertsona detektatu ditu, familia-medikuarengana joateko gomendioa emanez. Horrez gain, aplikazio honetako txat medikuan diharduten osasun profesionalek 10 kasu larri antzeman dituzte. Zerbitzu hori sendotu egin da azken egunotan eta, dagoeneko, 84 osasun profesional ari dira bertan.