Euskararen normalizaziorako bidean beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere. Horregatik, Elgoibarren euskaraz bizi nahi duten herritar guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita egin diete, eta bide batez, administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatera animatu.
• Iazko datuak
Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik. Gure herrian, 25-70 urte bitartekoen datuak aztertzen baditugu, horien %45 da euskaldun alfabetatua, eta iaz %17,22 izan ziren errenta aitorpena euskaraz egin zutenak, beraz, badago zer hobetua.
2019ko kanpainan 1.028 errenta aitorpen egin ziren euskaraz 5.967tik. Orain dela 10 urte, 2009an, elgoibartarrek egindako errenta aitorpenen %7,90 izan ziren euskaraz, eta iaz %17,22. "Ea oraingoan, edo bi urte barru, %25 izatera iristen garen, horixe da gure epe motzerako erronka", adierazi dute.
Errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeaz gain, Gipuzkoako Ogasunarekin euskaraz egin daitekeela gogorarazi nahi diete herritarrei. Horregatik, Udalak eta Elgoibarko Izarrak bat egiten dute Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako 100.000 zergadun Ogasunarekin euskaraz kanpainarekin.
Nola egin Foru Ogasunarekiko euskarazko hizkuntza hautua
- Errenta kanpainaren barruan. Ogasunarekiko harreman hizkuntza euskara hautatzeaz eta aitorpena bera euskaraz betetzeaz gain, aukera interesgarria da norberaren datuak Aldundiari lagatzea baimentzea, Diputazio osoarekiko harreman hizkuntza euskara izan dadin.
- Errenta mekanizatuko bulegoan. Zergadunak bere euskarazko hautua adierazten dio langile publikoari.
- Interneteko Zergabidea plataforman. Errenta aitorpena betetzean, hizkuntza aukera egiten da: Datu pertsonalak > Administrazioarekin harremana izateko hizkuntza > Euskara.
- Gestorian. Zergadunak bere euskarazko hautua adierazten dio gestoreari.
- Urte osoan zehar. Pertsona fisikoen 030 eredua (edo pertsona juridikoen 036 eredua) betetzean, euskarazko hautua markatzen da harreman hizkuntza moduan. 030 eredua Ogasuneko edozein bulegotan aurkeztu daiteke, edo Aldundiaren erregistro zentralean (Donostiako Gipuzkoa plaza). Era berean, interneteko Gipuzkoataria plataforman ere harreman hizkuntza aukeratu daiteke, “Ogasuna eta Finantzak > Harremanetan jartzeko Ogasuneko datuak” atalean.
Aintzat hartzekoa da Foru Ogasunak autolikidazio proposamena herritarraren hizkuntza hautuaren arabera bidaltzen duela.