Laguntza psikosoziala behar dutenentzako arreta

Barren.eus 2020ko api. 23a, 10:13

Gurutze Gorriak laguntza psikosoziala behar dutenei arreta emateko doako telefono zenbaki bat jarri du martxan.

 900 107 917 da telefono zenbakia. Deia anonimoa eta doakoa da. Telefono horretan ume zein helduak artatuko dituzte, hau da, alarma egoera honen ondorioz laguntza psikosoziala behar duten herritar orori emango diete zerbitzua: etxegabeak, indarkeriaren biktimak, koronabirusaz gaixo daudenak eta haien senideak... 

Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, Covid-19ren izurria gainditzeko ezarritako babes eta segurtasun neurriek herritar guztiei eragiten die, baina bereziki pertsona ahulenengan eta gaixoengan eta haien senideengan. Babes neurri horiek gizarte isolamenduaren arriskua areagotzen dute, eta komunikaziorako oztopo garrantzitsu bihurtzen dira; beraz, komunikazioa funtsezko faktorea da pertsona hauskorrenen eta ahulenen ongizatea bermatzeko.

Halaber, gaixo larrien senideen egoera "bereziki mingarria" dela nabarmendu dute, ezin baitute euren senideen zaintzan parte hartu, ezta gainerako senide eta lagunen beharrezko laguntza jaso ere ez. Gainera, osasun arloko eta esku hartze psikosozialeko profesionalek pertsona bakoitzari eman diezaioketen denbora oso mugatua da.