Inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira Udalak antolatutako idazlan lehiaketara

Barren.eus 2020ko api. 24a, 13:31

Elgoibarko Udalak idazlan lehiaketako irabazleak zein izan diren jakinarazi du. Lehiaketaren hirugarren ekitaldira 199 lan aurkeztu dira, iaz baino 34 gehiago, eta horietako 28 izan dira sarituak.

Elgoibarko Udalak, Kultura, Euskara, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailen bitartez antolatzen du idazlan lehiaketa, ikasleen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzeko. 

Epaimahaia herriko literaturzale eta idazleek osatu dute, hala nola, Jasone Osorok, Jon Eugik eta Iñigo Otañok. Udalak modu berezian eskertu nahi die egindako lana, baita eskoletako arduradunek egindakoa ere. Epaimahaiak esandakoaren arabera, maila ona erakutsi dute ikasleek. DBHn eta Batxilergoan izan den partehartzea ere nabarmendu dute. Aurreko edizioekin alderatuta, bereziki, Batxilergoan, nabarmen igo da kopurua eta horrek izugarri poztu ditu bai epaimahaikoak baita antolatzaileak ere. Kalitateari dagokionean ere pozik daude epaimahaikoak eta horrela diote: “lan txukunak irakurri ditugu, irudimentsuak eta ortografiari dagokionean oso duinak, ez bakarrik irabazi dutenak, baita beste asko ere. Gaiei dagokionez, aldaketa klimatikoa, integrazioa eta berdintasuna bezalako kezkak gure gazteen buruetan dabiltzala ikusten dugu, itxaropentsua erabat. Horrez gain, hiru urte hauetan hainbat izen errepikatu dira irabazleen artean eta horrek ilusio berezia egiten du, idazteko zaletasuna izateaz gain, zaletasun horri jarraipena ere eman nahi diotela esan nahi baitu, talentua ez ezik, lana ere badagoela. Pozgarria izango litzateke oraingo zaletu gazte hauek etorkizunean euskal literaturaren plazan izen eta abizenez ezagutu ahal izatea. Berriro ere, eta hau ez da berria, ikusi da neskak gailentzen direla irabazleen artean. Eta bukatzeko, parte hartu duten guztiak zoriondu nahi ditugu eta, beti esaten dugun bezala, animatu, segi dezaten irakurtzen eta idazten, hori baita modurik onena irudimena lantzeko eta behar bezala idazten ikasteko”.
Epaimahaikoentzat zaila izan da batzuetan lanen aukeraketa egitea, eta adibidez, A taldean 8 sari aurreikusten baziren ere, azkenean 10 izan dira saritutako lanak.

Sarituek diplomak, liburuak, eta Txankakua elkarteko establezimenduetan erabiltzeko erosketa bonuak jasoko dituzte opari baina, oraingoz, ezingo da sari-banaketa ekitaldirik antolatu, beraz, aurrerago izan beharko da. Bizi dugun egoera hau luzatuz gero, Udalak ikastetxeekin aztertuko du zelan eta non banatu sariak. Beraz, aurrerago izango dute horren berri saridunek. Horrela bada, Udalak saridunak zoriondu ditu, eta bide batez, parte hartu duten guztiei eskerrak eman eta hurrengo urtean ere parte hartzera animatu.

Aurkeztutako lan kopuruak taldeka:

  • A TALDEA: LH 3 eta 4    61 lan
  • B TALDEA: LH 5 eta 6    48
  • D TALDEA: DBH 1 eta 2 49
  • E TALDEA: DBH 3 eta 4 15
  • F TALDEA: Batxilergoa eta Lanbide 26
  • GUZTIRA: 199

Saritutako lanak eta egileak ondorengoak izan dira:
A TALDEAN (10 saritu):

  • Trumoia eta Lainoa Leire Vázquez Crespo
  • Gepardoa eta Lehoia Irati Oiartzabal Ugarteburu
  • Irati mendizalea Ane Cearsolo Zuazubiskar
  • Glu eta plastikoa Unax Ansola Arrieta
  • Munduko erraldoirik txikiena Asier Orbea Ribera
  • Robota Ortzi Rodríguez Aguayo
  • Hartz gehiegi Elene Ansola Irazabal
  • Herri koloretsua Iñigo Merino Corbillón
  • Mikel zaborrontzia Goiuri Marcos Etxeberria
  • Egun bat hondartzan Markel Ortiz Etxeberria

B TALDEAN (8 saritu):

  • Musika noten alaitasuna Ainara Roman Trinidad
  • Udane hosto txikia Duna Santos Otegi
  • Liburu arraro eta magikoa Estitxu Arregi Ansola
  • Josu bere mugikorreko birusaren aurka Ibon Macazaga Idarraga
  • Eskolako antzezlana Naroa Ansola Ansotegui
  • Bi begiak Elene Castañares Fernández
  • Ni eta nire amona bihurria Nora Arzamendi Arocena
  • Uda berezi eta ahaztezin bat Mikel Sastre Estarta

D TALDEA (4 saritu):

  • Zuhaitza Oihan Odriozola Gurrutxaga
  • Banpiroa ekaitzean Kira Zubizarreta De Sousa
  • Ametsak egi bihurtu Malen Ulazia Loiola
  • Montpelierreko auzoa Miren Serrano Korta

E TALDEA (4 saritu):

  • Inor ez da txikiegia Malen Etura Gonzalez
  • Etorkizuna gurutzegrama batean Naroa Rodríguez Aramburu
  • Eta ni II. Mundu gerran jaio izan banintz? Maddi Arriola Mendieta
  • Ur tanta hotzak Markel Goenaga Urain

F TALDEA (2 saritu):

  • Erraietan entzun Paula Anchustegui Iglesias
  • Askatasunerantz Jurdana Alberdi Regil

∞Lotura duten albisteak: