Maiatzaren 2tik aurrera, ariketa fisikoa egiteko kalera irtetea baimenduko dute, pandemiaren bilakaera ona baldin bada

Barren.eus 2020ko api. 25a, 20:44

Konfinamenduko 43. egunean, bihar, 14 urtez azpikoak kalera irten ahal izango dira nagusi batek lagunduta. Etxetik kilometro bateko tartean ibili beharko dira, baina, eta gehienez ordubetez.  Espainiako presidenteak jakinarazi du martitzenean emango duela deskalatzeko planaren berri, hau konfinamendua arintzeko neurri berrien berri. "Normaltasun berrirako trantsizioa", hala ere, "mailakatua eta asimetrikoa" izango dela berretsi du, eta zuhurtziaz jokatuko dutela nabarmendu du. Horren harira ohartarazi du normaltasun berri hori ez dela koronabirusa iritsi aurreko normaltasuna izango. «Ez dugu kolpe bakarrean jardurera eta mugikortasun sozial osoa berreskuratuko; jarduera eremu bakoitzean, pauso ezberdinak emango dira. Kontua ez da nork lehenengo zabaldu jatetxe bat. (...) Elkarrekin sartu ginen, eta elkarrekin irtengo gara, herrialde bezala. Leuntzea abiadura ezberdinetan gauzatuko da, baina denontzako arau berdinekin».