Konfinamendutik irteteko plana hilaren 4an hasiko da, lau fase izango ditu eta zortzi bat astez luzatuko da

Barren.eus 2020ko api. 28a, 18:31

 Konfinamendutik irteteko planak lau fase izango ditu, eta fase bakoitzak gutxi gorabehera bi aste iraungo ditu. Hala ere, deskalatzea asimetrikoa izango da, probintzia bakoitzaren egoeraren araberakoa, alegia. Horren harira, esan du, batzuek azkarrago egingo dutela normaltasunera bidea, baina gerta daitekeela uneren batean atzera egin behar izatea ere, egoera okertuz gero. Deskalatze hori mailakakoa eta asimetrikoa izango bada ere, era koordinatuan egingo dela nabarmendu du Sanchezek. Hau da, konfinamenduaren leuntzea Ministerioaren koordinazio pean egingo dela eta aginduak Osasun Ministerioak emango dituela Espainiako lurralde osorako. "Zuhurtziaren eta arriskuaren artean aukeratu behar badugu, Espainiako Gobernuak, zalantzarik ez izan, zuhurtziaz jokatzearen alde egingo duela beti, herritarrok ulertuko duzuen bezala", adierazi du horren harira.Deskalatze fase honetan protagonista nagusiak herritarrak izango direla nabarmendu du Espainiako presidenteak eta fase batetik bestera igarotzeko irizpide objektiboak hartuko dituztela kontuan: orain artekoez gain, honakoak, besteak beste: lurralde eta toki bakoitzean osasun arreta nola dagoen (bai anbulatorioetakoa zein ospitaleetakoa), Zainketa Intentsiboen Unitatean libre dauden ohe-kopurua eta zein den epidemiaren bilakaera. Hala aztertuko da lurralde bakoitza nola dagoen, bai eta hurrengo fasera pasatzeko moduan den edo ez erabaki. Ezarriko dituzten neurrien artean hiru-lau nabarmendu ditu: maiatzaren 2tik aurrera helduak ere kalera irten ahal izango direla ariketa fisikoa egitera, beti ere baldintzapean; kirolari profesionalak entrenamenduetara itzuli ahal izango direla; probintzien arteko mugimendurik ezingo dela egin, ikasturte berria irailean hasiko dela eta zabaltzeko ordua iristen zaienean tabernek, aisialdi-zentroek eta elizek eta gainerako gurtza-zentroek edukiera mugatua izango dutela.

O fasean, maiatzaren 1tik aurrera negozio batzuk irekiko dituzte, aldez aurreko hitzordua duten lokalek edo etxera eramateko otordu-zerbitzua duten jatetxeek. 1. fasean, berriz, beste saltoki batzuk irekiko dituzte, "segurtasun baldintza zorrotzen pean". Ezingo dute ireki, hala ere, parke komertzialek, jende pilaketa handiak izateko arriskua dagoelako. Fase honetan, ostalaritzakoek terrazak zabaldu ahal izango dituzte, baina edukiera herenera mugatuta, eta gauza bera egin ahal izango dute hotelek eta ostatu turistikoek. Denda txikiak ere irekiko dituzte, eta dendetara joateko orduan, 65 urtez gorakoei lehentasuna emango diete, arriskurik handieneko kolektiboa delako. Lehenengo fase horretan zabaldu ahal izango dira gurtza edo erlijio zentroak ere, baina edukiera mugatuko zaie. Edukiera osoaren herena bakarrik erabili ahal izango dute. Era berean, nekazaritzako elikagaien sektoreak eta arrantzarenak ere ekin ahal izango die jarduerei berriro. Horrez gain, garraio publikoan ibiltzeko maskara erabiltzea gomendatuko dute, baina erabiltzeko derrigorrik ezarri gabe. Lehenengo fase hori, esan bezala, bi astekoa izango da, eta emaitzak ebaluatu ostean pasako ginateke bigarren fasera. Bigarren fasean zabalduko dituzte jatetxeak, baina edukiera herenera mugatuta. Erakusketa gelak eta antzokiekin ere gauza bera gertatuko da. Zabaldu ahal izango dira, baina edukiera mugatua izango dute, herenera. Monumentuak edo erakusketak bisitatzea ere posible izango da bigarren fasean, baldintzapean beri ere, eta areto itxietan 50 pertsona baino gutxiago biltzen diren ekitaldietan edukiera herenera mugatuko dute, eta aire zabaleko ekitaldiak ere egin ahal izango dira, beti ere, 400 pertson baino gutxiago biltzen badira eta biltzen direnak jarrita baldin badaude.
 
 
Hezkuntzari dagokionez, ikasturte berria irailean hasiko da, baina ikastetxeek aurrez zabaltzeko aukera izango dute, hiru kasutan: ikasleek selektibitatea egiteko, errefortzuetako eskolak emateko eta zeinek zaindu ez duten 6 urtez azpikoak hartzeko. Azkeneko fasean mugikortasunerako bidea emango dute. "Normaltasuna" ekainaren bukaera alderako aurreikusten du Sanchezek, orain arteko bideari jarraituz gero, eta konfinamendutik irteteko planaren helburua Espainiako ekonomia martxan jartzea dela berriro. Horren harira esan du behar diren neurriak sustatuko edo sendotuko dituztela gurasoek lana eta familia bizitza uztartu ahal ditzaten.