Musikari asko dira konfinamendu aldi honetan leihora irten eta auzotarrak musikaz gozarazten dituztenak. Mendaron bertan ere badira gehiago. Juan Arriola Artañola eta haren alaba Nerea entzun izan ditugu Herriko Enparantzan biolinarekin, bai eta Amaia Rubio gitarrarekin ere, eta Idurre Arriola Bizi-Poza txarangakoa, kantuan. Arranbiden, Maria Bastida irten da txistua jotzera balkoira eta beste horrenbeste egin izan dute Eider Agirre eta Maddi Usobiaga ama-alabek Garagartzan. Mendarozabalen ere ez dute musikarik falta izan. Lisbeth Roteta eta Oinatz Arriola ama-semeak jardun izan dira aldiren batzutan balkoitik soinua eta tronboia hartuta, bai eta Ibon Kerexeta tronpetarekin eta Julen Dobarro panderoarekin, beste noiz edo noiz. Baina Xeber Loiola, Edurne Olazabal eta Josu Motriko txarangakideak egunero-egunero irteten dira leihora, 20:00etako kanpaikaden ondoren, kantu bat jotzera. Kantu bakarra jo ohi dute normalean, baina auzokoren batek urtebetetzea duen egunean, ezin izan dute bigarren bat jo barik gelditu. Makina bat auzotarrek jaso dute dagoeneko zorion kantu berezi hori konfinamendu aldi honetan.