Positibo berririk ez Debabarrenean

Barren.eus 2020ko mai. 4a, 14:34

Azken datuen arabera, azken 24 orduetan ez da kutsatu berririk atzeman Debabarrena eskualdean. Aurreko astean Debabarrenean atzemandako 23 koronabirus kasuetatik hiru dira Elgoibarren emandakoak.

 

Joan den apirilaren 30ean hazkunde txiki bat eman zen Debabarrenean atzemandako koronabirus kasuetan. 24 orduko epean hamar kasu atzeman zituzten: bost Ermuan, bi Eibarren, bi Elgoibarren eta bat Soraluzen. Halako hazkunde bat topatzeko aste batzuk egin beharko genuke atzera. Hurrengo egunetan, baina, moteldu egin da berriro ere atzemandako positiboen kopurua. Maiatzaren 1ean lau kasu berri atzeman zituzten Debabarrenean; kasu bana Eibarren, Ermuan, Elgoibarren eta Mutrikun. Maitzaren 2an Debabarrenean atzemandako positibo bakarra Soraluzen eman zen, eta atzo, maiatzaren 3an, ez zuten koronabirus kasurik atzeman eskualdean, Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eman dituen datuen arabera.

Era berean, Debagoienan ere ez da positibo berririk egon eta oro har, positibo gutxi atzeman dituzte Hego Euskal Herrian.  Atzoko 20:00ak arte, 1.721 proba egin ziren Euskal Autonomi Erkidegoan. PCR bidez baieztatutako positibo berriak hamalau dira. Proba honek detektatzen du pertsona batek une horretan bertan birusa duen ala gaixo dagoen. "Test azkarraren" bidez antzemandako kasu berriak 50 dira. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake.

Hortaz, azken egunetakoak ez dira datu txarrak gaur martxan jarri den konfinamendua arintzeko prestaketa faserako. Izan ere, positibo berrien kopuruak aintzat hartuko dituzte, beste aldagai batzuen artean, maiatzaren 1ean abian jarri daitekeen lehen fasean sartzeko.

Debabarrenean metatutako positiboak, herriz herri:

  • Eibar 207
  • Ermua 165
  • Elgoibar 41
  • Mutriku 12
  • Soraluze 13
  • Deba 8
  • Mendaro 3
  • Mallabia 2
  • DEBABARRENA: 451