Berraktibazio plana abian jarrita milioi bat euroko inpaktu positiboa sortzea aurreikusten du Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2020ko mai. 8a, 15:43

Hurrengo bi urteetako egoerari aurre egiteko berraktibazio plana aurkeztu du gaur Elgoibarko Udalak. Aurten, besteak beste, 540.000 euro baino gehiago bideratuko dituzte zerbitzuak, merkataritza eta ostalaritza suspertzeko. Datorren urtean, beste 375.000 euro inbertituko dira alarma egoerak kaltetutako herritar eta enpresa txikien beharrizanei erantzuteko.

Alarma egoerak herriko zerbitzu, merkatari eta ostalariengan eragin duen kalte ekonomiko "handia" arintzea dela Berraktibazio planaren helburua azaldu dute udal arduradunek. Udaletxeko pleno aretoan egin duten prentsa agerraldian eman dituzte planari buruzko xehetasunak Ane Beitia alkateak, Iosu Arraizek eta Maialen Gurrutxagak, herriko ostalaritzako ordezkariekin batera. 

 • Milioi bat euroko inpaktua urte eta erdian
“Eraginkorrak izan nahi badugu, ezinbestekoa da erantzun bateratu bat ematea eta horretarako ahalik eta eragile gehienekin hitz egin nahi izan dugu eta aurrerantzean ere bilerak mantentzen jarraitu nahi dugu, beraien uneoroko beharrizanetara egokitu gaitezen. Hala, berraktibazio plan honen bitartez milioi bat euroko inpaktu positiboa sortzea aurreikusten dugu urte eta erdian. Aurten 540.000 euro baino gehiago bideratuko ditugu zerbitzuak, merkataritza eta ostalaritza suspertzeko. Datorren urtean, beste 375.000 euro inbertituko dira alarma egoerak kaltetutako herritar eta enpresa txikien beharrizanei erantzuteko” esan du Ane Beitia alkateak. Era berean, Gizarte Zerbitzuei ere bultzada handia emango zaiela zehaztu du. Bestalde, Udalaren lehen kalkuluen arabera, diru-sarrerak 500.000 euro inguru murriztuko dira aurten. Zenbateko honetan Kirol Patronatuko abonu eta ikastaroen etetea eta dendariei zein ostalariei zabor eta terrazen tasaren kobrantza etetea sartuko lirateke.


PLANAREN LABURPENA ZENBAKITAN: DATU EKONOMIKOAK
AURTEN, 2020an:

  1. Merkataritza eta zerbitzuetarako bonuak 350.000 euro. Horietatik erdia, 175.000 euro, Udalak ipiniko ditu.
  2. Ostalaritzako bonuak 25.000 euro (Udalak ordainduko du guztia)
  3. Kaleen dinamizaziorako 40.000 euro
  4. Kultur eragileekin burutzeko dinamizazioa 40.000 euro
  5. Merkataritzaren dekorazio eta apainketarako 15.000 euro
  6. Zaborrak ez kobratzea hiruhileko batean merkataritza, zerbitzu eta tabernariei (220 onuradun) 57.500 euro
  7. Terrazak ez kobratzea egoerak irauten duen bitarten 15.000 euro
  8. Gizarte ongizateko partiden errefortzurako 100.000 euro
  9. GUZTIRA: 642.500 euro

DATORREN URTEAN, 2021ean:

  1. Merkataritza eta zerbitzuetarako bonuak 240.000 euro. Hauetatik 120.000 euro Udalak ipiniko ditu (%50).
  2. Kaleen dinamizaziorako 40.000 euro
  3. Kultur eragileekin burutzeko dinamizazioa 40.000 euro
  4. Merkataritzaren dekorazio eta apainketarako 15.000 euro
  5. Zabor tasen jaitsiera: 42.500 euro
  6. GUZTIRA: 377.500 euro

Guztira, urte eta erdian: 1.020.000 euro

 • Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak
Udal arduradunek nabarmendu dute herri lagunkoia eta kolaboratzailea izan dela Elgoibar beti eta etapa honetan ere hala erakutsi behar dugula uste dute, “herrian bizi eta erosi behar dugu, gure bizilagun diren dendari eta ostalariak babestea dagokigu”, esan du Beitiak.
Herritar askok ere zailtasunak izan ditzakete eta horregatik; alde batetik, herrian erostea sustatu nahi da, eta bestetik, elgoibartarrek egin beharreko erosketa horiek merkeagoak izan daitezela. Hori da hain zuzen ere bonuen kanpainen helburua.

 • Bono kanpainak
Aurten 175.000 euro bideratuko dira Bono bidezko kanpainetara, 4.000 bono, aurki, datozen asteetan, lortu eta erabiltzeko aukera izango da eta urtean zehar beste hainbat kanpaina jarriko dituzte martxan. "Honek, 2020rako 350.000 euroko inpaktu positiboa izango du gure herrian eta datorren urtera begira beste 120.000 euro bideratuko ditu Udalak bonoetara eta 240.000 euroko inpaktua izatea aurreikusten dugu".
Bonoak Txankakua merkatari elkartearen bitartez banatuko dituzte, baina azpimarratu dute herriko denda eta zerbitzu guztietan erosteko balioko dutela bonuok, ez bakarrik txankakuako kide diren dendetan.

 • Kale giroa dinamizatzeko diru partida
Aurrez aipaturikoez gainera, Udalak garrantzitsutzat jotzen du Elgoibarko kaleak berriro bizitzaz betetzea, eta “Elgoibar Bizi-Bizixa” leloa eta ideia horren atzean zegoena  berreskuratzeko kaleen dinamizaziorako partida bat aurreikusten du, 80.000 euroko aurrekontua izango duena; aurten, 40.000 euro komertzio eta zerbitzuentzat eta beste 40.000 ostalarientzat. Datorren urterako ere beste 80.000 euroko partida gorde du Udalak.

 •  Erakusleihoak apaintzeko diru-laguntza
Dendariek beraien sarrerak eta erakusleihoak apaintzeko laguntza ere emango dute, 15.000 euroko partida bat aurreikusten da aurtengorako eta beste 15.000 datorren urterako.
Egunero 11:00etatik aurrera eta astebukaeretan, kaleetako espaloiak dendetako generoekin edo apaingarriekin okupatzeko baimena izango dute merkatariek ezer ordaindu behar izan gabe, "kaleak bizitzaz eta kolorez bete daitezen".
Horrez gain, dendari, zerbitzu eta tabernariei beraien gastuetan laguntzeko asmoz hiru hilabete hauetan ez zaie zaborraren tasa kobratuko. Era berean, Udala aztertzen ari da, datorren seihilekoari eta datorren urteei begira, merkataritzako eta zerbitzuetako (bost langile baino gutxiagokoei) zabor tasa %20 jaistea: 35.000 euroko inpaktua izango luke urteko. Azterketa berdina burutzen ari da Udala ostalari txikiekin ere, helburuetako bat jarduera hauen presio fiskalaren murrizketa baita. Honen harira, gogora ekarri dute hainbat erabaki hartu dituztela dagoeneko. Besteak beste, merkataritza eta zerbitzuetan bezala, zaborraren tasan hiruhileko bat ez zaie kobratuko taberna eta jatetxeei. Erabaki honek 7.500 euroko eragina dauka udal aurrekontuetan, sarrera murrizketa bat gehiago da. Udalaren sare sozialen bidez, merkatari eta ostalarien zerbitzuak ikusarazteko bideak martxan jarriko dira.

 •  Terrazen edukiera
Era berean, ez dute terrazen tasa kobratuko alarma egoera sortu zenetik deseskalatze prozesu honen bukaerara arte. Erabaki horren ondorioz 15.000 euro batzeari uko egingo dio Udalak.
Terrazei buruz, Madridetik zetozen albisteak entzun ondoren, terrazen berrantolaketarekin hasi zen Hirigintza saila. Dekretuak ezarritako neurriak betetzen zituztela bermatzeaz gain, eta tabernarien egoera zein den ikusita, terrazen azalerari buruzko arauak malgutzea erabaki zuen Udalak. Malgutasun honen oinarriak bi dira; alde batetik, oinezkoek izango dutela lehentasuna, pasabideak bermatuz eta inguruko jarduera, egoera… kontutan izan dira; bestetik, tabernarientzako etekin handiena izan ziteken konfigurazioa bilatzen saiatu da Udala.
Banan banan aztertu dituzte taberna guztiak eta tabernari guztiei eman diete aukera planteamendu berria ikusi, aztertu eta onartzeko. "Jakinarazi zaie, alarma egoera honek dirauen bitartean soilik izango dutela aukera antolaketa berri honetan kokatzeko terrazak eta jabeak arduratu behar direla bai terraza hauen garbiketaz bai emandako baldintzak betetzeaz. Beteko ez balira, terraza galtzeko aukera izango dutelarik", ohartarazi du Iosu Arraiz Hirigintza Saileko arduradun nagusiak.
“Alarma-egoera horretan, udaletik ulerkorrak garen bezala, gizarte gisa ere izan behar dugula uste dugu, bakoitzaren egoerak ulertuz baina, batez ere, gizabanako eta kolektibo gisa ditugun betebeharrez jabetuz. Kaleak elkarbizitzarako espazio bihurtzen dira, dendetako ilarekin, jendea paseatzen, terrazak, atarietarako sarbideak... Gure ustez, jarduera horietarako guztietarako lekua badago, betiere modu antolatuan egiten bada eta arauen barruan jarduteko konpromisoa hartzen badugu”, esan du Iosu Arraiz zinegotziak.
 • Kultur Ekitaldiak
Kultura elementu dinamizatzaile eta kohesionatzaile gisa erabiltzeko asmoa du Udalak, “Elgoibar Bizi-Bizixa” leloa bultzatzen dugun bezala. "Jende-pilaketak saihestu beharra dago, baina udalerriaren forma aintzat hartuta, kultura dinamizatzeko plan bat planteatzen da udalerriko hainbat tokitan. Horrela, Elgoibarko kultur eragileekin batera, Elgoibarko zenbait lekutan kultur ekitaldiak antolatuko dituzte, kaleak eta ostalaritzako establezimenduen jarduera dinamizatzeko. Horretarako, Udalak 40.000 euroko aurrekontua erabiliko du aurten, eta etorkizuneko aurrekontuetan islatuko da.
Honez gain, gainera, 25.000 euroko aurrekontu-partida gorde dute ostalaritzako bonoetarako. Hala, ostalaritzako establezimendu guztiak ireki eta guztientzako berme eta aukera berberak ematen direnean, bonoak banatuko dira, egun osoan mugimendu ekonomikoa sor dadin.
Udalaren ustez, denda, taberna eta zerbitzuek, herritarrekin bizikidetza izan behar dute. "Denon ardura izango da hemendik aurrerako deseskalatze prozesu honetan, elkarbizitzeko konpromisoa hartzea, COVID-19arekin bukatzeko neurriak errespetatzea eta zuhurtziaz jokatzea".
Aurreko astean jakinarazi zuten bezala, Udalaren asmoa elkarlanean oinarritutako erantzun-plan bat diseinatzea da, hurrengo asteetan ez ezik, epe ertainera begira ere baliagarria izango dena.
Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua izan arren, gastuaren kontrola zorrotza izango dela nabarmendu dute. Eta erantzunkizunez jokatuko dutela baliabideak mugatuak baitira.