Gaur, maiatzak 9, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutako aginduak zehaztu ditu jarduera oro. Eusko Jaurlaritzak, baina, mugatu egin ditu lehen fasean baimenduta dauden probintzi barruko mugimenduak, baita turismoa egiteko ere. Eusko Jaurlaritzak pertsonen mugimendua udalerri barrura mugatuko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta soilik lanera edo eskolara joateko bidaiak eta beste salbuespen kasu batzuetan baimenduko du udalerritik irtetea. "Jarduera sozioekonomiko batzuk egiteko herri batetik bestera joan behar da; adibidez, lan egiteko edo medikuarengana joateko. Baina ezingo da beste herri batera joan ariketa fisikoa egiteko, aisialdian aritzeko edo hondartzara joateko", zehaztu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak. Jaurlaritzak gaur goizean azaldu ditu zer neurri hartuko dituen astelehenetik aurrera deseskaladaren 1. fasean. Hona Jaurlaritzaren neurri nagusiak -PDF-
Hona hemen 1. fasean baimenduta egongo diren neurrietako batzuek:
- Indarrean jarraituko al dute kalera irteteko ordutegiek?
Bai, baina erkidegoek moldaketak egin ahal izango dituzte eguraldiaren arabera. Bi ordu aurreratu edo atzeratu ahal izango dute irteera ordua.
- Hurbilekoekin elkartu ahal izango da ?
Bai, salbu eta koronabirusagatik positibo eman badute edo isolamenduan badago. Ezingo dira adineko pertsonak edo arrisku-talde batekoak direnak bisitatu, COVID-19aren aurrean ahulagoak direlako. EAEn, bisitak egin ahal izango dira baina udalerritik atera gabe, salbuespeneko kasuetan izan ezik.
- Familian paseatu al dezaket?
EAEn bi gurasoek ume bakarrarekin ateratzeko aukera izango dute eta herri barruko kilometro bateko muga ezabatu egingo da.
- Zenbat pertsona bildu ahalko dira?
Gehienez hamar laguneko bilerak baimenduko dira. Bi metroko segurtasun-tartea zaindu beharko dute, eta higiene-arauak errespetatu beharko dituzte, eskuak garbitzea, besteak beste. Segurtasun distantzia gordetzerik ez dagoenean, maskara jarri beharko dute. Beti pertsona berak batzeko eta talde handietan elkartzea saihesteko gomendioa egin dute.
- Non egin ahalko dira bilera horiek?
Etxean zein kalean. Ez dago denbora mugarik. Leku itxietan maskara erabiltzea gomendatzen dute.
-Ospitalean dauden gaixoak bisitatu ahal izango dira?
EAEn ospitalean dauden gaixoei bisita egiteko aukera izango da, beti ere COVID-19ak kutsatuta ez daudenean. Bisitaria pertsona bakarra izan beharko da eta beti pertsona bera izateko gomendioa egin dute.
- Terraza batean eseri ahalko naiz zerbait hartzera?
Bai, baldin eta horretarako tokia topatzen badut, mahaien % 50 soilik okupatu ahalko dira. Mahaien eta bezero taldeen artean gutxienez bi metroko tartea izan beharko da, eta taldeak ez dira hamar lagunetik gorakoak izango. Ez dago denbora mugarik. Horrez gain, mahaiak desinfektatu beharko dira bezero batek erabili ostean eta hurrengoak erabili aurretik, eta ezingo dira erabili ez ohiko kartak ez ezpainzapiak.Txartelarekin ordaintzea lehenetsiko da.
- Zenbat pertsona joan ahalko dira auto berean?
Etxebizitza berekoak bederatzi plazarainoko autoa parteka dezakete. Elkarrekin bizi ez badira, ilara bakoitzeko bi plaza bakarrik erabili ahalko dira, distantziak zainduz, eta bidaiari bakoitzak maskarak edo bestelako babesen bat erabili beharko du.
- Zer aldaketa egongo dira dendetan?
400 metro koadro baino gutxiagoko saltokiek soilik ireki ahal izango dute, 0 fasean bezala, baina dagoeneko ez da beharrezkoa izango aldez aurreko hitzordurik, ezta banakako arretarik ere. Dendek gehienez ere har ditzaketen bezeroen % 30 hartu ahalko dituzte, gutxienez bi metroko segurtasun-tartea gorde beharko da eta 65 urtetik gorakoentzako lehentasuna emateko ordutegia ezarri beharko da. Komunak itxita egon beharko dira, eta jantziak eta probagailuak desinfektatu egin beharko dira erabiltzen diren bakoitzean. Horrez gain, egunean bitan lokala desinfektatu beharko dute merkatariek.
- 400 metro koadro baino gehiagoko merkataritza-guneak edo dendak irekiko dituzte?
Ez, 1 fasean ezingo dira ireki.
- Kaleko merkatuak berriro ireki ahalko dira?
Bai, aire zabaleko merkatuen jarduera itzuliko da kaleetara, baina postuen arteko distantziari eta merkatu ibiltariaren mugak errespetatuz, segurtasun-indarrek edukiera behar bezala kontrolatzeko. Ohiko postuen kopurua % 25era mugatuko da, eta gehienezko bezeroen kopurua edukieraren herena izango da.
- Liburutegiak eta museoak irekiko dira?
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako liburutegi eta museotara ez.
- Baimenduta al daude gaubeilak?
Bai, baina joan daitezkeen senideen kopurua mugatu egingo da: 15 lagunekoa aire zabalean, eta hamarrekoa leku itxietan.
- Ehorzketetara joateko aukera egongo da?
Bai, baina muga bat ezarriko da: hilobiratzeko segiziora edo hildakoa erretzeko agurrera gehienez 15 pertsona joan ahalko dira, eta, hala badagokio, dagokion aitortzako gurtza-ministroa edo pareko pertsona bat batu ahalko zaie hildakoaren hileta-errituak egiteko.
- Elizara joan ahalko gara?
Bai, gurtza-lekuak 1 fasean irekiko dituzte, baina fededunen joan-etorria heren batera murriztuko da. Maskarak janztea gomendatzen da.
- Kultur ekitaldiak egingo dira?
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ez.
- Gimnasioak ireki ahalko dira?
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ez.
- Igerilekuetan bainu bat hartzeko aukera egongo da?
Ez.
- Hotel batera joan ahal izango da?
Lan arrazoiengatik bakarrik joan ahalko gara EAEko hotel batera, probintzia bereko udalerrien arteko mugikortasuna debekatuta baitago.
- Kontzesionarioak eta Ibilgailuen Inspekzio Teknikoak?
Ibilgailuak saltzen dituzten kontzesionarioak irekita egongo dira astelehenetik aurrera, baina aldez aurreko hitzordua beharrezkoa izango da. Bestetik, I.I.T. Ibilgailuen Inspekzio Teknikoa egiteko guneak ere irekiko dituzte, eta beharrezkoa izango da aldez aurreko hitzordua eskatzea.
- Berreskuratu ahalko dira desgaitasuna duten pertsonentzako arreta eta lanbide-terapia, errehabilitazio-terapia eta terapia psikosoziala?
Bai, eta egoitzetan bizi ez diren adineko pertsonei ere etxez etxeko arreta eta etengabeko jarraipena eskainiko zaie berriro.
- Probintziatik irteeteko aukera egongo da?
Ez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezingo da udalerriko muga gainditu, jarduera sozioekonomikoetarako ez bada.