Lahozek azaldu duenez, Elgoibar arrotza da toki guztietan gertatzen ari den garagardo iraultzari. "Ez da bakarrik ez dagoela bertan ekoitzitako artisau garagardorik, beste hainbat lekutan ikus daitezkeenak, kontua da ez dagoela artisau garagardoan pitin bat espezializatutako taberna bakar bat ere ez, horrelakoak ia herri guztietan ugaritu diren arren", argudiatu du Elgoibarko artisau garagardoa egiteko ideiaren jatorriaz. Hutsune hori bete nahian, aurrea hartu eta Elgoibar inspirazio iturri duen artisau garagardoa sortzea erabaki zuen. Inguruko artisau garagardo ekoizleren baten bila hasi zen eta Elgetako Baobeer ekoizleekin batu zituen indarrak. "Eta halaxe sortu genuen Bartolo Beer artisau garagardoa", dio. Dagoeneko salgai dago herriko zenbait tabernatan, eta aurki zabalduko dute gehiagotara.
•Saindua garagardoa eta gitarrarekin
Elgoibarri lotzeko elgoibartarrentzako ezagutzeko modukoak diren irudiekin osatu dute etiketa, San Bartolome sainduaren irudia ageri da Mikel Cornejo elgoibartarrak sortu duen diseinuan. Hori bai, elizan ikus daitekeen San Bartolomeren irudiak ez bezala, azala bere lekuan, garagardoa eskuan eta gitarra ditu soinean, eta baita jaietako zapi gorria ere lepoan.
Zaporeari dagokionez, artisau garagardoaren munduan hasiberriak direnentzako moduko garagardoa egin nahi izan du, zapore suabeduna. "Fruta tropikal zaporea du, artisau garagardoen artean topa daitekeen suabenetakoa, erraz edaten den garagardo bat nahi genuelako. Blonde ale erakoa da".
• Zuzeneko musika emanaldiak sustatzeko egitasmoa
Zuzeneko musika ekitaldiak sustatzeko egitasmo baten barruan, Elgoibarko Musikarien Elkarteko kideekin harremanetan jarri zen Carlos Lahoz. Beraiekin berba egin ostean, adostu zuten saldutako Bartolo Beer kaxa bakoitzetik ateratako 1,20 euro izango dela EME elkartearentzat. "Covid19 gaitzak eragindako pandemiak bete betean harrapatu gintuen eta gure asmoak atzeratu behar izan ditugu, eta okerragoa dena, bertan behera laga behar izan genuen egitasmoa aurkezteko antolatu nahi genuen kontzertua. Edonola ere, gure hasierako asmoarekin jarraitzen dugu, indar gehiagorekin orain, musikari eta artistak baitira koronabirusak sortu duen krisiak gogorren jo dituenak". EME barruan dauden hogeitik gora taldeen zuzeneko emanaldiak sustatzea gustatuko litzaioke Lahozi, horien musika ezagutzera emateko eta herrian mugimendua sortzeko.