Amiantoarekin gertatutakoa azaltzeko Olaizaga kiroldegi inguruko bizilagunekin biltzeko eskatu dio EH Bilduk Udalari

Barren.eus 2020ko eka. 2a, 13:30

EH Bilduk uste du era honetako gai batek lanketa handiagoa eskatzen duela, eta ildo horretan, Olaizaga kiroldegi inguruko bizilagunekin Udala biltzeko eskaera erregistratu du, "udal agintariek behar besteko azalpenak eman ditzaten".

Elgoibarko EH Bilduk gogora ekarri du joan den astean jakin genuela Olaizaga kiroldegia handitzeko obretan amiantoa agertu zenaren berri. "Udalak web orrialdean jarri zuen prentsa oharraren bidez jakin genuen elgoibartarrok. Bertan esan zuen Udalak segurtasun neurri guztiekin erretiratu zutela agertutako amiantakoa eta, gainera, kopuru txikia agertu zela".

Gai honek Elgoibarren eta batez ere Olaizaga kiroldegiaren inguruko bizilagunen artean kezka eragin duela dio EH Bilduk. Gainera, era honetako gai batek "lanketa handiagoa" merezi duela uste dute. Hala, Olaizaga kiroldegi inguruko bizilagunekin Udala biltzeko eskaera erregistratu du EH Bilduk, udal agintariek behar besteko azalpenak eman ditzaten. "Gardentasunagatik, auzotarrek merezi duten errespetuagatik eta herritarrak lasaitzeko helburuarekin, Udalak ahalik eta epe motzenean bilera hori antolatu beharra dauka", adierazi dute.

∞Lotura duten albisteak: