Sinuosek hainbat musikariren zuzenekoak zabalduko ditu 'Alarma Sessions' egitasmoan

Barren.eus 2020ko eka. 10a, 11:48

Sinuöse kolektiboak ere bere jarduna martxan jartzea erabaki zuen joan den astelehenean. Oraindik ezin dute zuzeneko emanaldirik antolatu Sotoan, baina zer eskainia badutela eta, 'Alarma Sessions' ekimena jarri dute abian.

"Artista batzuei zuzeneko bideoak grabatzeko eskatu diegu, askatasun osoz eta formatu aldetik mugarik gabe", azaldu dute Alarma Sessions-en inguruan. Ekaineko astelehenetan argitaratuko dituzte sarean ekimenarekin bat egin duten hainbat musikariren bideoak. Astelehen honetan argitaratu zuten aurrenekoa, Iñigo Cabezafuego musikari iruindarraren sorkuntza lana, hain zuzen ere. "Cabezafuegok egin digu lehen bideoa. Berezia eta gozagarria, azken aldian egin dituen bidaien metafora bezala, bizikleta pasiara bat proposatu digu, musika jarriaz eta azalpenak gehituz. Mundiala bideoa eta hasera ezin hobea. Gozatu!", esan dute Sinuosekoek Cabezafuegoren bideoaz.

Iñigo Cabezafuego oso ezaguna da Euskal Herriko rock eszenan. Mermaid, Black Lagun, Los Separatistas, Bizardunak edota Atom Rhumba taldeetako kide izan eta gero bakarkako ibilbideari ekin zion.