Horrez gain, berdegunea pibote batzuekin banatuta egongo da, eta gune horietako bakoitzean sartu beharko dira erabiltzaileak. Ezinbestekoa izango da, era berean, bi metroko distantzia mantentzea uneoro. Hauek eta beste hainbat neurri hartu dituzte Kirol Patronatuko arduradunek, osasuna bermatzeko. Araudi sakona argitaratu dute, eta Gorka Garaizabal kirol zinegotziak eta Ramon Mugica Udal Kirol Patronatuko zuzendariak eman dizkigute araudi horren gaineko azalpenak. Era berean, gogorarazi dute udako abonoa ateratzeko aukera dagoela, olaizagaharrera@hotmail.es helbidean edo 943 744 415 eta 943 747 356 telefonoetan.
Kirol instalazioko langileak arduratuko dira araudia betetzen dela zaintzeaz, eta erabiltzaileek ere arduratsu jokatzea espero du Gorka Garaizabalek. "Normalean baino langile gehiago izango dugu lanean: Mintxetako sarreran hasierako kontrola jarriko dugu, bertan egongo den langileak erabiltzaileei beharrezkoa duten informazioa emango die (maskara erabiltzeko eskatu, norabideak nola dauden seinalizatuak azaldu, segurtasun distantzia mantendu behar dela gogorarazi, e.a.) eta gune bakoitzera doan erabiltzaileak kontrolatuko ditu. Muskulazio gelan ere uneoro instalazioko pertsonala arduratuko da bertako erabileraz. Igerilekuko harreran ere bi pertsona egongo dira sarrera-irteerak eta edukiera kontrolatzen, erabiltzaileen egonaldia eta araudia betetzen dela ziurtatzeko. Garbitzaileak ere egun osoz ibiliko dira komunak garbitzen. Uneoro bi sorosle izango dira bi igerilekuak kontrolatzen", esan du.
• Edukiera eta bainurako denbora mugatuak
%30era mugatu duzue edukiera, hau da, mila lagun gehienez. Uretan, 75 lagun egon ahal izango dira igerileku handian eta 15 txikian. Uretako edukiera gainditzen denean, sorosleek fitxa batzuk banatuko dituzte, erabiltzaileei txanda emanez, eta uretako egonaldia ordu erdira mugatuko da, orduerdiro txanda aldatuz. "Neurri honekin ahalik eta jende gehienak freskatu bat hartu ahal izatea espero dugu. Hala ere, ez da ohiko erabilera izango eta jendeak hori ulertzea nahi dugu".
• 220 partzela
Belargunea 220 partzelatan bereiztu dute. Partzela bakoitzak 4x4 metro (16 metro koadro) izango ditu eta bertan familiak, banakakoak, bikoteak eta gehienez 4 laguneko taldeak sartu ahal izango dira. Pertsona gehiagoko taldeek partzela bat baino gehiago okupatu beharko dute. Printzipioz nahi den partzela aukeratu dezakete, baina partzeletara sartzeko pasilloak errespetatu beharko dira bakoitzak bere partzela bakarrik zapalduz. Laguntza behar izanez gero sorosleei edo harrerako langileei laguntza eskatzeko aukera egongo da. "Jendeari erantzukizunez jokatzea eskatzen diogu, eta uneoro bi metroko distantzia mantentzea", ohartarazi du Garaizabalek.