Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik neurri murriztaileenak izan dituzte haurrek, eta oraindik ere, itxita jarraitzen dute propio haientzat sortutako espazioek, eta geldi, haientzako ekintzek. Egoeraren larriaz jabetuta, Gora haurtzaroa! manifestua kaleratu du Oinherri elkarteak. Oinherrik urte batzuk badaramatza ohartaraziz haurtzaroaren kultura falta dela eta helduok zailtasunak dauzkagula umeak herritar moduan ikusteko.
• Zer iruditu zaizkizu Gobernuak haurren konfinamenduaren inguruan ezarritako neurriak?
Ez zait justua iruditu ume eta nerabeei eman zaien tratamendua. Neurriak zehaztu dituztenean ez dituzte umeen eta nerabeen eskubideak aintzat hartu, ezta haien osasun integralerako beharrezko izan daitezkeenak ere. Zer egin zuen Espainiako Gobernuak umeekin? Sartu zituen etxe barruan, esfera publikotik apartatu zituen eta ez zituen aipatu konfinamenduko seigarren astera arte. Kalean burrunba sortzen hasi zenean hasi ziren umeak aipatzen agintari politikoak, herritarrak euren amorrua agertzen hasi zirenean. Orduan hasi ziren haurrak zoriontzen, hein batean euren buruak zuritzeko. Iruditzen zait haur eta nerabeak ez direla inongo momentuan kontuan hartu, eta gainera, agintariek inprobisazio handiz jokatu dutela. Hori nabarmena izan zen umeei kalera irteteko baimena eman zietenean. Eguerdi batean, 14 urtetik beherako haurrek helduei laguntzeko aukera izango zutela zabaldu zuen Espainiako Gobernuak; hau da, erosketak egiteko, edota bankura edo farmaziara joateko irten ahal izango zirela. Jaso zituzten kritika guztiengatik, baina, ordu gutxiren buruan, iluntze berean, atzera egin zuen Gobernuak eta haurrei paseoak emateko aukera bermatuko ziela zehaztu zuen Salvador Illa Osasun ministroak. Ordurako, jakina, txakurrei ere eskubide handiagoa aitortua zieten, txakurra paseatzera irteteko baimena emana zitzaielako txakur-jabeei.
• Espainiako estatuan beste inon baino zorrotzagoak izan dira konfinamendua arintzeko orduan umeei ezarri zaizkien neurriak. Zergatik izan dela uste duzu?
Ez direlako ume eta nerabeak herritartzat hartzen. Etorkizuneko herritartzat hartzen dituzte agintariek eta herritarroi dagozkigun eskubide eta betebeharrak ukatzen zaizkie. Haurtzaroaren kultura falta dugu. Konfiantzarik ez dute haur eta nerabeengan. Kolektibo kontrolaezina dira gure agintarientzat, baina ez dira hala. Oinherrin gabiltzanok garbi daukagu umeekin berba egiten bada, azaltzen bazaie egoera zein den, eta adosten badugu beraiekin zer egin behar dugun kalean lagun bat ikustean, umeek arazo barik ulertzen dutela eta ardurak hartzen dituztela. Tristea izan da benetan umeei zein jaramon gutxi egin zaien krisi honen kudeaketan, baina ikusgarria izan da zein modu eredugarrian erantzun duten haiek. Zoriontzekoa da, benetan, egoera zail honetan haur eta nerabeek erakutsi duten jarrera, bai eta haien gurasoena ere. Eginahalak egin dituztelako haur eta gaztetxoen beharrei ahal zuten ondoen erantzuteko, eskura zituzten baliabideekin. Hori ere gertatu delako. Etxe guztietan ez dituzte baliabide berak izan krisi honi erantzuteko eta lehen ere egoera zailenean zeudenek pasatu dute okerren.
• Zer da haurtzaroaren kultura?
Haurtzaroaren kulturak haurra edo nerabea jartzen du erdigunean, eta garatzeko eta ikasteko, berariazko tresnatzat jotzen ditu jolasa eta sormena. Haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena aitortzean datza haurtzaroaren kultura. Gaur egungo pentsakera aldatzea eskatzen du: haurrentzat sortu beharrean, haurrekin sortzea eskatzen du haurtzaroaren kulturak. Haurren presentzia parkeetara mugatu dugu kalean, baina parke horiek diseinatzeko orduan inork galdetu al die zelako parkeak
nahiko lituzketen? Helduok diseinatu ditugu parke horiek, gure ikuspuntutik eta geure beldurretatik, eta geuri komeni zaigun lekuetan eraiki ditugu gainera. Haur bati galdetzen badiozu parke batek zeintzuk ezaugarri izan beharko lituzkeen, ziurrenik aipatuko du nahiko lukeela harriak makilak, hostoak, lokatza... egotea. Naturarekin lotura handiagoa duten parkeak nahi dituzte umeek, baina zer eman diegu guk? Plastikoa. Plastikozko parkeak eraiki ditugu, akoltxatuak, aulkiz inguratuak gurasoek non jarri izan dezaten, eta ingurua hesitu dugu, segurtasunaren izenean.
• Etxean itxita egon garenean ere, helduok adiskidetasun-harremanak mantentzeko aukera izan dugu. Ume askok ez. Zertan eta nola eragin die horrek?
Haur eta nerabeek bizi izan duten egoera oso kezkagarria da. Ez dute aukerarik izan harremantzeko, jolasteko, euren zaletasun askori eusteko, ez eta zaletasun berriak deskubritzeko ere. Eta etxe askotan euskaraz berba egiteko aukerarik ere ez dute izan. Guzti horrek eragin negatiboa izan du. Motibazioa galdu dute, apatiko egon dira, sormena galdu dute eta jolasarekiko interesa ere apaldu zaie. Kontzentraziorako gaitasuna ere galdu dute hein batean, eta telebistaren edo bestelako pantailen aurrean egoteko desioa handitu zaie. Egoera animikoan eragin die, antsietatea eta atzera egitea eragin die nerabeei. Lagun-gosea dute. Lagunekin egoteko beharra dute, besteak beste, emozioak askatzeko eta bizi dutena partekatzeko beharra dutelako. Helduok ere badugu behar hori, baina guk aukera handiagoa izan dugu horretarako.
• Umeak etxean izan diren garaian, guraso asko lanean jardun dira, telelanean asko.
Bai, ume askok etxean izan dituzte gurasoak, gertu, baina haurren beharrei erantzun ezinda ibili dira haiek sarri. Bizitza produktiboa eta zaintza batera mantentzeko ezina nabarmena izan da. Egia da haurren beharrei erantzuteko proposamenak eta baliabideak sortzeko ahalegin handia egin dutela eragile askok, baina neke halako bat igarri diegu umeei eta familiei, eta era berean, esan behar da, baliabide jakin batzuk izan dituzten familiek bakarrik baliatu ahal izan dituztela proposamen horietako asko. Zailtasunak zituztenak atzean gelditu dira orain ere. Nekea denok igarri dugu. Lehenengo bi asteetan nahikoa ondo moldatu ginen denok egoera berrira, baina egunak gehitu ahala, neke-sentsazioa nabarmena izan da. Bideo-deiak eta halakoekin ere kokoteraino bukatu dugu guztiok. Gain hartu digu egoerak.
• Eskolak ere itxita daude martxoaren 12az geroztik. Eskola zer da umeen garapenerako?
Ikasteko eta irakasteko guneak dira eskolak, baina, aldi berean, umeek umeekin harremantzeko duten espazio garrantzitsuena dira. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasten dute umeek zailtasunei eta gatazka egoerei aurre egiten, eta horretarako espazio hori barik laga ditugu. Era berean, ume askorentzat egunean otordu osasuntsu bat ziurtatzeko aukera ematen du eskolak. Horren inguruan ez da asko hitz egin, baina hori ere egon da eta familia askotan gorriak ikusi dituzte. Eskolaz ari gara, baina ez dugu ahaztu behar, gainera, eskolez gain, umeek harremantzeko dituzten beste espazio gehienak ere, izan ludoteka, jolas parkeak... itxita dauzkagula. Denda, taberna eta gainerako zerbitzu gehienak zabalik daude eta erruz dabil jendea kalean, baina umeentzako diseinatu ditugun guneek itxita jarraitzen dute. Kontraesana handia da.
• Adituek ohartarazi dute bakarrik jolastu beharrak edo elkarren artean bi metroko distantzia gorde beharrak eragina izango duela haurrengan. Zertan eta nola eragingo die umeei?
Urruntze soziala denontzako da gogorra, baina umeen kasuan bereziki da zaila bi metroko distantzia hori gordetzea. Kontaktua behar dute umeek, emozioak agertzeko, adin berekoekin jolasteko, gauzak adierazteko... Horrei gehitu umeek halako normaltasun bat ikusten dutela kalean, baina aldiz, euren espazio ohikoak plastikoz inguratuta eta itxita ikusten dituztela. Kontraesan handia dago hor, eta umeek ikusten dute, jakina. Parkera sartzeko euro bat ordaindu beharko balitz, ziurrenik parke guztiak zabalik egongo lirateke gaur, baina kontsumitzen ez dutenez, baztertuta dituzte. Test masiboak egitea litzateke onena, kutsatuak daudenak berrogeialdian jarri eta gainerako guztiei jolaserako bidea emateko. Normaltasun berria deitzen diote honi, baina normaltasunetik gutxi du honek. Baliatu beharko genuke krisi hau gogoeta egiteko eta aztertzeko zer nolako gizarte-eredua nahi dugun, zer nolako herri-proiektua, hezkuntza-sistema, hizkuntza-politika... behar dugun eta zertzuk gauza lehenetsi behar ditugun desio dugun hori lortzeko. Krisiak arazo asko azaleratu ditu, baina arazoak hor ziren lehen ere. Bistaratu egin ditu.
• Hizkuntza-politika aipatu duzu. Gure gaia da. Zer da ikusi duzuna?
Koronabirusaren krisian euskara bigarren mailako hizkuntza izan dela. Agintarien jendeaurreko erabileran-eta nabarmena izan da.
• Oinherri aipatu duzu. Elgoibarko Izarra ere sartuta dago hor. Zer da Oinherri?
Haurren hezkuntza eta aisia beste modu batean egin zitezkeela amesten zuten sei eragilek sortu zuten Oinherri, 2012an. Tarte honetan, teoria eta praktika uztartuz, herrigintzatik, benetako parte-hartzea bultzatuz eta balio hezitzaileak hedatzeko helburua hartuta, hainbat urrats egin ditugu. Bide horretan, taldea handitzen eta aberasten joan da, eta orain, 15 bat eragilek osatzen dugu. Zazpi kontzeptutan oinarritzen da proposatzen dugun aisia-eredua. Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aldarrikatzen dugu. Hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea eskatzen dugu, eta eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.
• Familia asko egongo dira udako aisia eskaintzaren beharrean. Zer daukazue esateko?
Ez dagoela erraza, mila marra gorri daudelako eta errespetu handia ematen duelako horrek denak, baina, bai, beharra begibistakoa da. Ardura handiz jokatzea dagokigu denoi, baina bistan da eginahalak egingo ditugula familien beharrei erantzuteko eta indar eta gogo guztia jarriko dugula horretan. Zain-zain egon gara, baina ikusi dena da hirugarren fasera arte Jaurlaritzak berak ere ez duela marko orokorrik zehaztu. Nahikoa larri gabiltza denboraz, egia esan, baina zerbait egin ahal izango dugun itxaropena badugu guk geuk.