Jon Gurrutxagak eta Urbil Artolak kontzertua emango dute Makina-Erremintaren Museoan ekainaren 26an

Barren.eus 2020ko eka. 16a, 13:27

Kontzertu berezia antolatu du Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoak ekainaren 26rako: Herriko seme Jon Gurrutxagak eta Urbil Artolak osatutako bikoarena. Museoan bertan izango da emanaldia.

 

Koronabirusagatik hartu beharreko neurriak tarteko, 35 lagunentzako lekua izango da eta sarrerak bost euroan jarriko dituzte salgai.

Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoak kanpoan duen espazioan izango da kontzertua eguraldiak horretarako aukera emanez gero behintzat. Bestela, barrua egokituko dute kontzerturako. Kontzertua emango duten lekuan segurtasun-neurri guztiak hartuko direla ziurtatuko dute museoko arduradunek. Horretarako,  gel hidroalkoholikoak jarriko dituzte, bai eta ikus-entzuleen artean bi metroko tartea gordetzen dela zaindu ere. Hala ere, komeni da ikus-entzuleek maskara eramatea, gerta daitekeelako, esan bezala, kontzertua barruan egin behar izatea, eta kasu horretan, bi metroko tartea gorde ezingo balitz, ikus-entzuleek jantzi egin beharko luketelako. Kontzerturako sarrerak 5 euroan jarriko dituzte salgai. Museoan bertan eskuratu behar dira sarrerak, ahal dela, aurrez.

Kontzertua 20:00etan hasiko da.

Lotura duten albisteak: