• Zer beharretatik abiatu zarete Elgoibarren emakumeentzako txokoa sortzeko?
Ikusten genuen herrian gauza asko antolatzen zirela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko eta erreferentziazko gune bat behar zela. Sororitatea edo ahizpatasuna lantzeko gunea izango da emakumeen txokoa [Erabaki gabe dago izena], emakumeen kezkei, nahiei eta erronkei bidea emateko gunea, eta bide batez, eginahal horretan ari diren emakumeak saretzeko espazioa izango da. Iruditzen zaigu herrian egiten den horri guztiari balioa emateko ere balioko duela, uste dugulako gaur leku ezberdinetan egiten diren ekintzak hor zentralizatzeak herriko elkarte eta eragile ezberdinen arteko harremanak indartzeko balioko duela. San Frantzisko kaleko 21. zenbakian zabalduko dugu lokala, lehen liburutegia zegoen lekuan, baina espazio haren erdia hartuko du.
• Zentralizatze hori onerako izango dela ulertu duzue, baina ez duzue arriskurik ikusten jende bat nekezago joateko emakumeen txokora kultur etxeko hitzaldi gelara edo ‘emakumeen’ etiketadun gabeko leku batera baino?
Ez dut uste. Nik uste dut bai Udalak eta bai gainerako eragileek ere positibotzat jo dutela zentralizatze hori. Dena den, emakumeen txoko bat sortzeak ez du esan nahi berdintasuna lantzeko helburuarekin egiten diren ekintza guztiak han egingo direnik. Espazio hark dituen ezaugarriengatik, gauza batzuk handik kanpo egiten jarraitu beharko dira. Gainera, erreferentziazko gune bat izango da, baina ez gara han itxiko. Plazan egin behar dena, plazan egingo dugu gero ere. Eta gehiago ere bada: emakumeen txokoa izateak ez du esan nahi han egiten ez dena ez dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko egiten. Gauza bat laga nahi dugu argi: gune irekia izango da, eta herritar guztiek izango dute lekua han.
• Irekia. Gizonentzat ere bai?
Han egingo diren gauza guztiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko helburuarekin egin beharko dira. Hori da baldintza. Berdintasuna lortzea ez da emakumeen borroka soilik, jendarte osoarena baizik, eta iruditzen zait momentu honetan jendartea prest dagoela arduraz erantzuteko. Gizonek parte hartzea garrantzitsua da. Elgoibarren badaukagu hamar gizoneko talde bat hilero batzen dena gizontasuna lantzeko. Epaituak izateko beldurrik gabe hitz egiten dute talde horretan euren bizipenez, eta etxean, lanean zein lagunartean hartzen dituzten rolez gogoeta egiten dute. Horregatik iruditzen zait berdintasuna lortzeko ahaleginean diharduen orok, kezka hori izan eta gogoetarako prest dagoen edonork, izango duela lekua emakumeen txokoan.
• Ez genuen gizon talde horren berri.
Berdintasun Sailetik saiakera asko egin dira ezaugarri horietako talderen bat sortzeko, baina saiakerek emaitzarik ematen ez zutela ikusita, erabaki genuen zuzenean jotzea interesa izan zezaketen batzuengana. Hiru bilera egin dituzte, eta momentuz, diskrezioa eskatu dute, taldeak indar pixkat hartu arte, baina gu geu oso pozik gaude taldea ari delako gorputza hartzen. Nolanahi ere, herriko gizon guztiei irekia dago talde hori eta interesa duenak Berdintasun Sailarekin harremanetan jarri besterik ez du.
• Zeinen ekimenez sortu da emakumeen txokoa? Zein partehartze izango dute herriko eragileek?
Udalak espazioa jarri du, baina funtzionamendua gaur egungoa izango da. Udalak gaur antolatzen dituen ekintza asko han zentralizatuko dira, baina jakina, elkarteek ere antolatu ahal izango dituzte han hitzaldi, tailer, formazio-saio,afari-merienda, zine-forum eta abarrak, bai Udalaren dirulaguntzarekin zein gabe.
• Nolakoa izango da espazioa?
Emakumeen txokoa diseinatzeko prozesua zabaldu dugu eta ari gara herritarren ekarpenak jasotzen, baina premisa batetik abiatzen gara: erabilera askotariko lokala izango da. Lokalaren barruan espazioak zabaldu eta itxi egingo dira, beharren arabera. Lokala bera herrigunean dago, eta nahita. Kosta zitzaigun [Udalari] erabakitzea herriko elkarte bakoitzari zein lokal esleitzea, baina garbi geneukan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea helburu estrategikoa dela, eta beraz, gune erreferentziazko bat sortzekotan, komeni zela herrigunean sortzea. Iruditzen zaigu kokapenak berak sekulako potentziala emango diola. Terraza ere izango du txokoak erabilgarri eta horrek ere aukerak zabalduko ditu.
• Zein fasetan dago proiektua?
Emakumeen txokoaren diseinuan herritarrek parte hartzea nahi genuen, eta horretarako prozesu bat abiatu genuen. Emakumeen txoko ezberdinen inguruko dokumentazioa ere batuta daukagu. Aztertu ditugu haien ezaugarriak eta haietako jardunak ere, baina guk Elgoibarren dauzkagun beharrei erantzungo dien gune bat nahi dugu eta horregatik abiatu genuen ideiak batzeko prozesua. Behar batzuk identifikatuta dauzkagu eta eskema antzeko bat badaukagu buruan, baina ikusi nahi genuen herriko elkarte eta norbanakoek zeren beharra sentitzen zuten eta nolakoa irudikatzen zuten emakumeen txokoa. Prozesu hori Emakumeen Kontseiluarekin eta herriko beste hainbat talde eta eragiletako emakumeekin adostu genuen eta jarri genuen martxan. Ideia bera Emakumeen Kontseiluari eta udaleko talde politikoei aurkeztu genien lehenengo, egun bateko tartearekin, eta ondoren aurkeztu genien gainerako elkarteei, ekarpenak egin zitzaten. Haizeara, Narrutsikera, Loreak taldera, Batxilergoko Hezkidetza Taldera, Gaztelekura, Gurutze Gorrira, Caritasera eta Jubilatuen Biltokira jo genuen. Era berean, Udaleko sail ezberdinekin ere egin dugu lanketa hori, era transbertsal baten lan egitean ekarpen interesgarriak bildu ditzakegula sinisten dugulako. Azken batean, uste duguna da emakumeen txoko honen diseinuan denok parte hartuz gero, errazago izango dela gero denok geure sentitzea espazio hori. Eta jakina, herritar norbanakoek ere badute parte hartzeko aukera. Batzar ireki bat egin genuen ekainaren 18an, baina COVID-19ak eragindako ezohiko egoera honetan, herritarren ekarpenak era telematiko edo elektronikoan jasotzeko bideak lehenetsi genituen, eta uztailaren 7a arteko tartea jarri dugu ekarpenak biltzeko. Galdetegi bat sortu dugu horretarako eta labur.eus/elgoibarkoemakumeentxokoasortzen esegi, baina, eposta bidez ere egin daitezke ekarpenak, berdintasuna@elgoibar.eus helbidera idatzita.
• Jaso al dituzue ekarpenak?
Ekainaren 18an egin genuen aurrez aurreko batzarrera hamahiru emakume agertu ziren, bi ez beste guztiak elkarte edo kolektiboren baten izenean. Etorri ziren Loreakeko ordezkariak, Narrutsikekoak eta Haizeakekoak eta prestutasuna agertu zuten guztiek, talde gisa, galdetegia betetzeko.
• Herriko emakumeek berdintasun politiketan parte har zezaten sortu zenuten Emakumeen Kontseilua, eta gaur, elkarrizketagune bat ere bada herriko emakumeen eta administrazioaren artean. Zer nolako osasuna du foro horrek? Zer nolako harremana du Narrutsik herriko talde feministarekin?
Oso ondo funtzionatzen duen foro bat da Emakumeen Kontseilua. Parte hartzen ari diren emakumeek modu indibidualean parte hartzen dute, baina modu kolektiboan biltzen dute emaitza. Ideiak botatzen dituzte, eztabaidatzen dute, baina sekula ez dira bestelako eztabaida eta interesetan nahasten eta nik esango nuke horregatik irauten duela denboran. Azpimarratzekoa da duten konpromisoa. Duela zazpi bat urte sortu zen talde hori, Bittori Zabala Berdintasun Saileko zinegotzi zela, eta hilabetero elkartzen gara. Taldea bizi-bizi dago, eta ia astero komentatzen ditugu gauzak taldean. Emakumeen Kontseilua talde irekia da, eta azaroan bertan, bi neska gazte batu zitzaizkigun Batxilergoko Hezkitza Taldetik. Talde librea eta askotarikoa da eta horrek egiten du hain aberasgarria izatea. Hori bai, Udaletik sortutako foroa da eta sortu den lekutik sortuta, bistan da formalismo batzuk gorde behar direla, baina esango nuke Emakumeen Kontseiluan batzen diren pertsonak libre sentitzen direla eta ez dutela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea ez den beste interesik. Garbi utzi nahi nuke interesa duen edonork atea zabalik daukala taldera batzeko.
• Noizko izango dugu emakumeen txokoa erabilgarri?
Datorren urte hasiera alderako. Uztailaren 7ra arte ekarpenak bilduko ditugu, material hori landuko dugu gero irailerako, eta orduan aurkeztuko dugu jendeaurrean zer jaso dugun. Orduan zehaztuko dugu zer gauza diren egingarriak eta zer ez, eta zergatik. Gero hasiko dira obrak, edozelan ere, lokal horrek ez du obra handirik eskatzen.