Osakidetzak atzo argitaratu zuen azken txostenaren arabera, COVID19 kasu berri bat detektatu zuten zapatuan Elgoibarren. Ez da Debabarrenan atzemandako kasu bakarra izan. Deban hiru koronabirus kasu atzeman baitituzte, bat eguenean eta beste biak barikuan eginiko PCR probetan. Atzo, berriz, kasu berri bat atzeman zuten Eibarren, hilabete igaro ondoren koronabirus kasu positiborik erregistratu gabe.
Zapatuan, uztailaren 11n, 3.218 proba egin zituzten guztira (3.099 PCR eta 119 test azkar) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. PCR bidez baieztatu zituzten positibo berriak 28 dira, horietako 18 Gipuzkoan, eta horien artean da Elgoibarren hautemandakoa.
Dagoeneko, Elgoibarren, 48 kasu erregistratu dira Osakidetza datuak jasotzen hasi zenetik, eta datuek erakusten dutenez, 1.000 biztanletik 4 dira gaixotu direnak. Izan ere, Elgoibarren 414,3koa da kutsatuen 100.000 biztanleko tasa. Udalerrietako tasa kalkulatzeko positibo kopurua eta EUSTATen arabera udalerri bakoitzeko biztanle kopurua hartzen dira kontuan. Elgoibarrek 11.585 biztanle ditu. Birusaren oinarrizko birsorkuntza tasa %1,63an dago EAEn.