Zaldiak tiratutako etxe-karroan, bi oilo eta beste bi txakur lagun hartuta lau urterako bidaian

Barren.eus 2020ko uzt. 17a, 08:27

Iazko irailean abiatu ziren Avignondik (Frantzia), etxe-karroan. Chook izeneko zaldia dute etxe-karroari tiraka, eta katua, bi oilo eta beste bi txakur lagun hartuta iritsi dira Euskal Herrira. Ekainaren 2an sartu ziren gure lurretan, Lapurdin, eta kostaldetik barrena iritsi ziren Mendarora, astelehenean. Bertan lo egin ostean, hurrengo gaua Elgoibarren pasa zuten, bidaiarekin jarraitu aurretik.

Egunean hamar kilometro egiten dituzte batez beste. Presa ez du lagun ona bidaiariak. “Ez diogu denbora-mugarik jarri gure bidaiari. Lau bat urterako proiektua da, baina ez gaitu denborak estutzen”, adierazi dute.

  • “Izugarri polita da zuen kostalde hau"
Emeterioneko atzeko aparkalekuan harrapatu ditugu atseden hartzen. Astelehen iluntzea da, eta gaur iritsi dira Itziartik. Etxe-karroaren ondoko larrean dute zaldia, indarrak hartzen, eta libre dabiltza bi oiloak ere, belar hazian mokoka. Txakurrak eta katua, berriz, lo goxoan daude, eta ez dute jaikitzeko imintzio txikiena ere egin hurbildu gatzaizkienean. Etxe-karroko leihotxotik burua agertu du gizonezko batek, eta berehala irten da emakume gaztea, bisitariak agurtzera. “Anthony eta Cynthia gara eta zuen herrialdea ezagutzen ari gara”. 28 eta 31 urte dituzte hurrenez hurren, frantziarrak dira sortzez eta iazko irailean laga zuten etxeko erosotasuna, abentura hasteko. Hilabete pasatu da Euskal Herrira iritsi zirenetik, eta hamalaugarren geldialdia egin dute gure lurretan: Ustaritze, Senpere, Azkaine, Hendaia, Irun, Lezo, Donostia, Usurbil, Aia, Zarautz, Zumaia, Zestoa, Itziar (Deba) eta Mendaro. “Izugarri polita da zuen kostalde hau. Aldapatsua ere bada, eta okerrena horixe da guretzat, baina oso polita da”, adierazi du Cynthiak.

2020 07 16 etxe karroa bidaia frantziarrak mendaron
 • Ikusmina sortzen dute
Bidaiariak dira, baina ez edozelakoak. Ikusmina sortzen dute behintzat bazterretan, ez delako ohikoena bidaiatzeko aukeratu duten modua. “Etxe-karroaren abentura hau hasi aurretik, kamioi handi batean bidaiatzen genuen, baina lizentzia kendu zidaten, eta zaldia eta etxe-karroa erosi genituen. Lehenengo beste karro bat hartu genuen, baina guk nahi genuenerako astunegia zen. Pentsatuta geneukana baino 500 kilo gehiago pisatzen zituen, eta beste hau ekarri genuen gero“, azaldu du Anthonyk. Batek baino gehiagok ikusiko zenituzten egunotan beharbada kostaldeko errepidean. Bizikletaz joan ohi da aurretik Anthony, bizikletari gurdi txiki bat lotuta (oiloak darmatza han), eta atzetik joaten da Cynthia, zaldiak tiratutako gurdian, katua eta txakurrak lagun hartuta. Etapa motzak egiten dituzte. “Gehienez hamar bat kilometrokoak, zaldiak ere atsedena hartu behar duelako. Karroa pisatu genuen abiatzerako, zaldiari zer ahalegin eskatu ahal genion jakiteko, eta kalkulu hori egin dugu. 8 urte ditu Chookek”, dio Cynthiak.
 • Gutxirekin egin beharreko bidaia
Ondo antolatzea ezinbestekoa dela diote ezaugarri hauetako bidaia bat hasteko. Gutxirekin egin beharreko bidaia da, eta zer utzi erabakitzea izan ohi da zailena. Hala ere, ez dute ezeren faltarik igarri bidaian. “Dena primeran doa. Ez dugu arazorik izan. Leku politak, jende ona eta jateko goxoa topatu ditugu orain artean”, nabarmendu du Cynthiak. Gaur, astelehena, eguraldi beroa egiten du Mendaron, eta apenas dabilen jenderik Azpilgoetan. Lasai daude, aparkalekuko ertz batera eginda. “Jende gehiago batu zaigun egunak izan ditugu. Jendeak harrituta begiratzen digu normalean, bereziki umeek. Aho zabalik gelditzen zaizkigu begira. Ez da ohikoa gurea moduko etxe-karro bat ikustea”. Kolore biziak ditu karroak eta ipuinetakoa dirudi. “Ematen du txontxongiloak aterako dituztela leihora”, dio ikusmirara batutako 4 urteko umeak. Baina, ez, ez dituzte ipuinak kontatzen.
 • Lan txikiak dirua irabazteko
Astean bost egunez bidaiatzen dute, eta gero, bi eguneko geldialdia egiten dute. Bi egun horietan ahalegintzen dira lan txikiak egiten gelditu diren herrian, diru pixkat bat lortu eta bidaiatzen jarraitzeko. “Normalean nekazaritza lanak egiten ditugu, eta modu horretan finantzatzen dugu gure bidaia. Orain arte horrela moldatu gara behintzat”. 
 • Portugaleraino
Kilometro ugari dituzte aurretik Portugaleraino iristeko. Han jarri baitute lehenengo helmuga. “Portugal ezagutu ostean Frantziara itzuli nahiko genuke, etxera, eta gero, Iparralderantz joan nahiko genuke. Ez dugu erabaki oraindik zein bide hartuko dugun: Belgika aldera, akaso, edo Europa ekialdeko herrialdeak ezagutzera, bestela: Bulgaria, Errumania... ezagutu nahiko genituzke. Garbi duguna da bidaiatzen jarraitu nahi dugula. Lau bat urterako proiektua hasi dugu, eta gogotsu gaude”, zehaztu du Anthonyk. Roul O’vert izenarekin orrialde bat zabaldu dute Facebook sare sozialean, eta han ari dira bidaiaren berri ematen. Egunero eguneratzen dute mapa, eta argazkiak ere igotzen dituzte tarteka, etxekoei eta lagunei ondo daudela erakusteko. “Ametsa gauzatzen ari gara.2020 07 15 etxe karroa bidaiariak elgoibar