Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioa. 15 eguneko ariketa izango da. Bigarren edizioan, norbanakoek ez ezik, entitateek ere era aktiboan parte hartzeko aukera izango dute.
Besteak beste, erakunde publikoek, ikastetxeek, elkarte eta mugimendu sozialek, merkataritza eta ostalaritzakoek, edota industria eta lan-munduari lotutako entitateek izango dute aukera Euskaraldian izena eman eta ariketa egiteko. Entitateetan ariguneak identifikatu eta sortzea izango da entitateen egiteko nagusia. Entitate horietan euskaraz lasai aritu daitekeen talde edo guneak izango dira ariguneak.
Dagoeneko 50 entitatek baino gehiagok eman dute izena Elgoibarren, baina oraindik zabalik dago izena emateko epea. Elgoibarren 800 entitate inguru daude erregistratuta. Ahalik eta arigune gehien sortzea da helburua, ariketak iraungo duen 15 egunetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko.
- Interesatuek irailaren 27ra arteko epea dute. Irailaren 28tik aurrera, berriz, norbanakoen txanda izango da. Norbanakoen kasuan, lehen edizioko metodologia mantenduko da; ahobizi edo belarriprest rola aukeratu beharko dute ariketan parte hartzeko.
Elgoibarko Euskaraldia Taldeak elgoibartar guztiak animatu nahi ditu Euskaraldian izena ematera. Lehen edizioak oso harrera ona izan zuen Elgoibarren (1.804 lagunek eman zuten izena), eta nahi dute bigarren edizioan ere jendea animatzea. Bai herriko entitateak eta baita norbanakoak ere.