Sei hilabeteren ostean, koronabirusak sortutako egoerara egokituta ekin diote neska-mutilek 2020-2021 ikasturteari, hainbat segurtasun eta higiene neurrirekin. Hasteko, pilaketak sahiesteko, ikastetxeetara mailaz maila sartu dira. Lerroan jarri eta irakasleei jarraituz igo dira ikasgeletara, eta irten ere halaxe egin beharko dute. Aurtengoa bizikidetza talde iraunkorren ikasturtea izango da. Izan ere, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan (hasiera batean, 1. eta 2. mailetan) ikasle-talde egonkorrak osatu dituzte. Talde horietako kideak elkarren artean sozializatu ahal izango dira, distantziak zorrotz bete beharrik gabe. Hala ere, talde horiek ikastetxeko beste talde batzuekin nahastea sahiestu beharko dute.
Ikasle guztientzako hezkuntza integrala ziurtatzeko egin du Jaurlaritzak aurrez aurreko eskolen alde. Nolanahi ere, Covid-19ak sortutako pandemiak udan izan duen bilakaera ikusita, eta ikasturte hasieran eta “ikasturtearen lehen hiruhilekoan” birusak izan dezakeen eragina aurreikusiz, betebeharreko batzuk zehaztu eta gomendio batzuk eman ditu Hezkuntza Sailak, ahal den neurrian arriskuak minimizatzeko. Hasierako zirriborrotik, baina, aldaketak izan dira, bereziki ikasturtea hasteko egunen inguruan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleak eta Batxilergokoak irailaren 15ean itzuliko dira ikastetxera, irailaren 7an barik. Lanbide Heziketan ere aldatu egin dute hasiera eguna. Goi mailako zikloetan, irailaren 14an hasiko dira bigarren mailakoak, eta 16an lehenengo mailakoak. Erdi mailako zikloetan, berriz, hilaren 21ean hasiko dira bigarren mailakoak, eta hilaren 23an lehen mailakoak. Bien bitartean, hezkuntzan grebara deitu dute sindikatu guztiek irailaren 15erako.
- Jaurlaritzaren protokoloko puntu nagusiak BARREN aldizkariaren 1171. zenbakian ikus ditzakezue -PDF-