EHBildutik azaldu dutenez, herriaren erdigunera eta bere zerbitzuetara urrunen dauden auzoetan bizi diren pertsonak hurbiltzea da autobus zerbitzu integral honen helburua. Urazandin igogailu publikoak ipintzeko lanak amaitu bitartean, martxan dago Urazandi eta Erretsundiko bizilagunentzako autobus-zerbitzua, baina ezker subiranistaren ustez, zerbitzu horri eusteaz gain, garraio-zerbitzu hori herri osora zabaltzea aztertu eta inplementatu beharko litzateke, "gure inguruko antzeko ezaugarriak dituzten beste herri batzuetan egiten den bezala".
Elgoibarko EH Bilduk gogorarazi du iazko aurrekontuen eztabaidan jada eskatu zuela autobus zerbitzua, zuzenketa baten bidez. "Ez zen osorik onartu, baina Urazandirako autobus zerbitzua, igogailua jartzeko obren ondorioz martxan jarria, Erretsundiraino irekitzea lortu zen. Ez zen EH Bilduk bilatzen zuen irtenbidea, baina bai aurrerapauso bat". Orain, beste pauso bat emateko eta zerbitzua udalerri osora zabaltzeko unea dela uste dute.
EH Bilduk aurkeztutako mozioan, talde politikoei aste hauetan Urazandi eta Erretsundiko herritarrei ematen ari zaien zerbitzuaren balantzea nola egingo den azaltzeko eskatzen zaiela jakinarazi dute. "Era berean, zerbitzua Elgoibar osora zabaltzeko proiektu bat aurkezteko eskatu zitzaion Udal Gobernuari, eta, horretarako, beste udalerri batzuetan ematen den zerbitzua aztertzeko. Proiektu horrek 2021eko aurrekontuetan partida bat izan beharko luke, eta udalerriko talde politikoekin eztabaidatu eta adostu beharko litzatekeela uste dugu".
Halaber, Urazandin eta Erretsundin ematen ari diren zerbitzua mantentzea eta hobetzea komeni dela uste dute, baita asteburuetan ere. Autobusak Aita Agirre plazan zein Herri Eskolan geldialdiak egin beharko lituzkela proposatu dute, eta horrez gainera, geltokietan informazio panel egokiak jarri behar direla eta ordutegia egun osora zabaldu behar dela adierazi dute.
∞Lotura duten albisteak: