Elgoibarko ikastetxeetan, baina, ez du jarraipen handirik eduki greba deialdiak. Elgoibar Ikastolan, esaterako, ez dute grebarik egin, eta Herri Eskolan, irakasleen %32ek egin dute greba eta sukaldeko langileen %25ak. Elgoibarko Haurreskolan grebarik ez egitea erabaki dute beharginek. Elgoibar BH Institutuan gaur zuten kurtso hasiera DBH3 eta DBH4ko ikasleek, eta zuzendaritzatik esandakoaren arabera, normaltasun osoz ekin diote ikasturteari. Irakasleen %10ek egin dute greba Institutuan, baina gaurko funtzionamenduan ez duela eragin esan du zuzendariak.
Meka Lanbide Eskolan irakasleen %12,5ak egin du greba (70 ikasle inguru dira). Ikastetxeko arduradunek jakinarazi dutenez, lehen orduan klaseren bat eten behar izan duten arren, harrezgero normaltasunez eman dituzte eskolak.
Gauza bera adierazi dute IMHn ere, eta 62 irakasletatik 10ek egin dutela bat greba deialdiarekin azaldu dute. Atzo hasi zuten ikasturtea hainbat ziklotan, baina oraindik ikasle guztiak ez dira eskolara itzuli eta greba egin duten irakasle horiek gaur ez zeukaten eskolak eman beharrik. Hortaz, IMHren normaltasunez jardun dute gaur.
Mendaron gehiago igarri da greba deialdia Elgoibarren baino, Mendaroko Ikastolako klaustrokideen erdiek erabaki baitute greba egitea. Hori dela eta, klase arruntik ez da egon, eta ikasleei eskolan ematen zaizkien zerbitzuak mantendu dituzten arren, aurrera eramateko zailtasunak izango zituztela ohartarazi zieten ikastetxetik gurasoei. Mendaroko Haurreskolan ez dute grebarik egingo.
• Gutxieneko zerbitzu handiagoak
Grebara deitu duten sindikatuk jakitera eman dutenez, lehen kontaketen arabera %65eko erantzuna du hezkuntzako grebak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntzako langileen artean. Aldiz, Eusko Jaurlaritzak partaidetza %45ekoa izan dela adierazi du, eskolen erdiaren datuak jasota. Gainera, Jaurlaritzak bat egin du hezkuntza komunitatearen ezinegonarekin. Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak aitortu du grebak "erantzun zabala" izan duela, eta ulerbera azaldu da hezkuntza komunitatearen "kezkarekin eta ezinegonarekin" (hona Zupiriaren adierazpenak)
Pandemiaren eraginez, aurreko greba deialdietan baino handiagoak izan dira gaurko gutxieneko zerbitzuak. Eusko Jaurlaritzak astelehenean argitaratu zuen greba egunerako gutxieneko zerbitzuen agindua. Besteak beste, grebara atxikitako ikastetxe edo eraikin bakoitzean pertsona hauek egon behar izan dute: zuzendaritzako kide batek; mendekoen kidegoko langile batek goizean, eta beste batek arratsaldean; eta COVID-19aren koordinatzaileak. Horrez gain, jantoki zerbitzua bermatu beharra eta garbiketa alorrean %100eko gutxiengo zerbitzuak xedatzen ditu aginduak. Sindikatuek ohar bateratu bidez salatu zuten Jaurlaritzaren agindua.