Zalantza adina gogorekin hasiko du denboraldia C.D. Elgoibarrek

Barren.eus 2020ko ira. 17a, 17:00

Ligako aurreneko jardunaldia jokatuta izan behar zuen honezgero Haundik, baina kirol txapelketak ere hankaz gora jarri ditu koronabirusaren pandemiak. Urriaren 18an jokatuko dute ligako lehen partida, ustekaberik ezean. Zapatu honetan jokatuko dute estreinako lagunarteko partida, ateak itxita izango bada ere.

Aurreko denboraldian Ohorezko Erregional Mailatik inor ez zen jaitsi, eta ondorioz, 21 talde izango dira lehian, normalean baino hiru gehiago. Bi multzotan banatuta lehiatuko dira, eta multzo bakoitzeko lehen hirurek jokatuko dituzte igoerarako kanporaketak. Gainerako taldeek elkarren aurka jokatuko dute, maila galduko duten bost taldeak zein izango diren erabakitzeko. Gainera, taldeek partida guztiak jokatzeko zailtasunak izan ditzaketela aurreikusita, sailkapena puntuen ratio bidez osatuko dute, hau da, jokatutako partidak eta partida horietan lortutako puntuak hartuko dituzte kontuan sailkapena egiterakoan. Dena dela, oraindik badira erabat zehaztu gabe dituzten gauzak, besteak beste, talde bakoitzak gutxienez jokatu beharko duen partida kopurua.

 • Entrenamenduak eta lagunartekoak ikuslerik gabe
Haundik abuztu hasieran hasi zituen entrenamenduak, eta, hortaz, bi hilabete eta erdiko denboraldi-aurrea eginda ailegatuko da ligako lehen partidara. "Luzea egingo zaie jokalariei, are gehiago orain arte lagunarteko partidarik jokatu ezin izan dutelako, pandemiagatik ez digutelako horretarako baimenik eman", zehaztu du taldeko presidente Jon Basurtok. Hain justu, zapatu honetan jokatuko dute estreinako lagunartekoa, Zumaiakoren aurka, Zumaian. Zapatuan izango da eta Emakumeen taldeak eta kadeteek ere egun berean jokatuko dituzte lagunartekoak Zumaian. Zalerik gabe jokatuko dituzte partida horiek.

2020 09 16 cd elgoibar entrenamenduak hasi mintxeta emakumeen taldea
 • Hiru fitxaketa
Aurten hiru fitxaketa egin ditu C.D. Elgoibarrek Haundirako: Ekain Andueza, Aitor Urreisti eta Jon Begiristain atezain elgoibartarra. Horiez gain, behe mailetako hainbat jokalari ari dira parte hartzen Haundiren entrenamenduetan eta Pablo Turrillas entrenatzailea gustura dagoenez ematen ari diren mailarekin, horietakoren batek izan dezake aukera talde nagusian jokatzeko.
C.D. Elgoibar taldeko beste hainbat taldek irailaren 7an hasi zituzten entrenamenduak. Alebin, infantil eta Futbol Eskolarekin dago zalantza handiena, eta urriaren erdialdera entrenamenduekin hastea aurreikusten dute. Lehiaketak, baina, ez dira urtarrila baino lehenago hasiko.

 • Segurtasun neurriak eta protokoloa
C.D. Elgoibarreko kideek koronabirusetik babesteko neurriak hartuta hasi dituzte entrenamenduak. Norbaitek sintomaren bat badu, ez du entrenatzera azaldu behar, ez baitute baliabiderik astero PCR probak egiteko. Jokalariak Mintxetara iristean tenperatura hartzen diete, sukarrik ez dutela egiaztatzeko, eta ez dituzte aldagelak erabiltzen. Protokolo bat osatu dute hartu beharreko neurriekin. Taldekideren batek positibo ematen badu bertan behera lagako dituzte entrenamenduak. Segurtasun neurrien artean, Mintxetako edukierari dagozkion arauak ere zorrotz bete beharko dituzte hastear den denboraldian. Eusko Jaurlaritzak erabaki du kirol jarduera leku irekietan baldin bada, baimendutako edukieraren %60ak izango duela neurketak zuzenean jarraitzeko aukera, gehienez 1.000 ikusle izan arte. Alabaina, Jaurlaritzaren irizpide orokorren gainetik, Udal bakoitzarena da eskumena. Elgoibarko Udalak erabaki du oraingoz ikuslerik gabe egitea entrenamenduak zein partidak.

2020 09 16 cd elgoibar entrenamenduak hasi mintxeta temp nesk

2020 09 16 cd elgoibar entrenamenduak hasi mintxeta aldagela kanpoan

2020 09 16 cd elgoibar entrenamenduak hasi mintxeta temperatura

2020 09 16 cd elgoibar entrenamenduak hasi mintxeta borobilean

2020 09 16 cd elgoibar entrenamenduak hasi mintxeta haundi

2020 09 16 cd elgoibar entrenamenduak hasi mintxeta

2020 09 16 cd elgoibar entrenamenduak hasi mintxeta 1