Beira gehiago birziklatzeko kanpaina abiatuko dute herriko tabernetan

Barren.eus 2020ko ira. 17a, 18:51

Debabarrenako Mankomunitateak beira gehiago birziklatzeko kanpaina jarriko du abian Deba, Mutriku eta Elgoibarko tabernetan. Ecovidriok eta Mankomunitateak gurpildun kuboak emango dizkie behar duten tabernei eta ahal den neurrian tabernak dauden esparruetan Vacri sistema ezarriko da igluetan, tabernariei lana errazteko.

"Helburua da herri horietan beiraren gaikako bilketa handitzea", adierazi du Debabarrena Mankomunitateko lehendakari Iosu Arraizek, kanpaina aurkezteko Elgoibarren egin duten prentsaurreko agerraldian. 

Beira gehiago birziklatzeko kanpaina Ecovidriorekin garatu dute, eta irailaren 18an jarriko da martxan. 2018an Eibarren eta Ermuan egin zuten moduan, Deba, Mutriku eta Elgoibarko tabernetara bisitak egingo dituzte oraingoan. Hiru bisita guztira. Lehenengoan eskutitz bat emango diete hostalariei, beira gaika bildu eta iglu berdera botatzeko duten derrigortasuna azpimarratuz. Bigarren eta hirugarren bisitetan sailkapena egoki egiten ari direla bermatuko dute eta, horrela ez bada, Mankomunitateak neurriak hartuko ditu. Aipaturiko hiru herrietan 100 bat tabernak parte hartzea kanpainan aurreikusten dute, horietako 33 taberna Elgoibarkoak izanik.

 • Gurpildun kuboak eta Vacri sistema
Tabernariei beiraren birziklapeneran laguntzeko, Ecovidriok eta Mankomunitateak gurpildun kuboak emango dizkie behar duten tabernei eta ahal den neurrian tabernak dauden esparruetan Vacri sistema ezarriko da igluetan. Gaur eguerdian eman duten prentsaurrekoan aurkeztu dute nola erabiltzen den beira birziklatzeko sistema hori: kuboa edukiontzian eskegitzen da eta era hidrauliko baten bidez kuboko beira edukiontzira bota daiteke modu erraz eta erosoan. Arraizen hitzetan, Mankomunitatearen helburua da herritarrek beren hondakinak biltzeko sistema eraginkor eta eroso bat eskura izan dezaten bermatzea, birziklatze- eta berreskuratze-politikak ahalik eta gehien bultzatzeko.

2020 09 17 debabarrena mankomunitatea beira birziklatu tabernak elgoibar 1

 • 413 edukiontzi-iglu Debabarrenan
Mankomunitateko lehendakariak birziplapen datuen berri ere eman du. 2019an zehar 2.302 tona beira bildu ziren iglu berdearen bidez Debabarrenan, hau da, 31,5kg eskualdeko biztanle bakoitzeko. Datu "onak" direla adierazi du Arraizek, baina hobetzeko esparrua badagoela azaldu du, "aintzat hartuta Gipuzkoan 37,5kg biltzen direla batez beste biztanle bakoitzeko. Horregatik sustatu nahi dugu tabernen inplikazioa". Debabarrena eskualdean 413 edukiontzi-iglu daude eta beira bakarrik bota daiteke horietara, ez tapoi edo bestelako kristalik. Beira ez diren hondakinak iglura botatzen badira, birziklatzea zaildu eta edukiontziko beira kutsatu daitekeela ohartarazi dute Mankomunitateko arduradunek.
 • Mankomunitatearen plangintza estrategikoa
Iosu Arraizek azpimarratu du hondakinen bilketa eta birziklatzea Mankomunitateak dituen etorkizunerako "erronka handienak” direla, “bai berehalakoak, bai epe luzekoak, eta aurreikusten da erabaki estrategiko nagusiei aurre egin beharko zaiela epealdi honetan”. Mankomunitateak aurreratu du gutxi barru aurkeztuko duela erronka horiei erantzuteko Plan Estrategikoa. Plan horren helburua ere aurreratu dute: 2030erako eskualdeko gaikako bilketaren %70a lortzea.

2020 09 17 debabarrena mankomunitatea beira birziklatu tabernak elgoibar eduk