Lau kasu berri zenbatu ditu Osasun Sailak Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2020ko ira. 23a, 12:45

Azken PCR probetan hiru kasu positibo berri atzeman dituzte Elgoibarren eta beste bat Mendaron.

Joan den asteburuan gora egin zuten Elgoibarren atzemandako positiboek, bederatzi kasu berri zenbatu baitzituzten. Astelehenean ez zuten kasu positibo berririk hauteman Elgoibarren, eta ezta Mendaron ere. Atzo, aldiz, hiru kasu positibo atzeman dituzte Elgoibarren eta beste bat Mendaron.

Debabarrenako datuak, herriz herri (irailak 22)

  • Elgoibar 3
  • Eibar 2
  • Deba 2
  • Ermua 2
  • Mendaro 1

 • Hego Euskal Herriko egoera
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, 9.760 PCR proba egin zituen Osakidetzak atzo, eta, haietatik, 405 lagunek eman dute positibo. Lurraldeka aztertuta, 177 kasu atzeman ditu Osasun Sailak Bizkaian, 169 Gipuzkoan eta 51 Araban. Halere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi den beste zortzi kasu ere hauteman ditu Osakidetzak.

Ospitaleen egoerari buruzko txostena ere argitaratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. 275 pertsona daude ospitaleratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan. Osakidetzaren arabera, 29 pertsona ospitaleratu zituzten atzo "COVID-19aren ondorioz", eta Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) 59 herritar daude orain. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, bestalde, 0,98an kokatu da gaur. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi du ustez koronabirusen eraginez hildako pertsonen kopurua; Osasun Sailaren arabera, irailaren 14tik 20ra bitartean 62 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroak, bestalde, lehen aldiz gainditu du 400 kasu positiboren langa. Guztira, 425 positibo atzeman ditu Osasunbideak Nafarroan atzo egindako PCR probetan. 3.441 proba egin zituzten han, orain arte egun bakar batean egindako kopururik handiena da hori, eta %12,3ak eman zuen positibo. Nafarroako ospitaleetan 221 lagun daude ospitaleratuta egun, horietatik 25 ZIUn. Hildako bat ere zenbatu zuten atzo, Nafarroan.