EUSKARALDIA: Zuzenean emango dugu norbanakoen izen-emate irekierarako prestatu duten ekitaldia

Barren.eus 2020ko ira. 24a, 12:59

 

Gaur, hilak 24, 12:00etan, herritarren izen-ematea zabaldu dute. Goizea Gasteizko Oihaneder Euskararen etxean egin duten prentsaurreko agerraldian eman dituzte izen-emateari buruzko xehetasunak, eta dagoeneko eman daiteke izena euskaraldia.eus webgunean. Euskaraldiaren izen-emate irekieraren ekitaldi nagusia, baina, gaur arratsaldean egingo dute, 19:00etatik aurrera, Bergarako Seminarixotik. 

Aurkezpenak ordubete inguru iraungo du eta zuzenean ikusi ahal izango da barren.eus-en, 19:00etatik aurrera.

Ane Zuazubiskarrek eta Gorka Etxabek gidatuko dute irekiera ekitaldia, eta euskararekin lotura zuzena duten pertsonai publiko ugari batuko dira bertan.

Egitasmoari sarrera eman eta gero, aurkezleek hiru elkarrizketa burutuko dituzte saioan zehar. Lehena Kike Amonarriz Topaguneko presidenteari eta Arrate Illaro Euskaraldiakokoordinatzaileari egingo diote, egitasmoaren xehetasunak aletze aldera.

Geroxeago Mikel Arregi Euskarabideako zuzendariaren, Irati Ornat Iruñerriko dinamizatzailearen eta Maier Arrieta Getxoko Koordinatzailearen txanda izango da. Euskal komunitatearen aniztasuna izango dute hizpide, tokian toki aurkitutakoa deskribatuz.

Azkenik Leire Okarantza Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunari eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburuari egingo dizkiote galderak aurkezleek, Euskaraldiak betetzen duen rolaren garrantziaren inguruan.

Elkarrizketen artean sorpresaz eta umorez betetako momentuak egongo dira, bai Euskaraldiko spot eta bideoen bitartez eta baita modu presentzialean ere.

 • Ariguneetan izena emateko epea

Aurtengo Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, eta aurrez aipatu moduan, norbanakoek gaurtik aurrera eman ahalko dute izena ahobizi edo belarriprest gisara parte hartzeko. Iazkoarekin alderatuta, aurtengoak badu berrikuntza nagusi bat. Izan ere, aurten enpresek eta erakundeek ere hartuko dute parte, eta horretarako barne mailako ariguneak identifikatu eta saretu beharko dituzte. Asko dira jada izena eman dutenak, baina epea zabalik dago oraindik animatu ez direnentzat. Igande honetan, irailak 27, amaituko da izena emateko aukera horientzat.